«DeklinaBide Baigorri», izenburua bera bezain sailkaezina den liburua idatzi du Michel Oronosek
Oronosen prosa poetikoak edota olerki libreek idazleak munduko literaturan aukeratutako bideari buruzko testuekin egiten dute bat baigorriarraren lanean. Jean Haritschelharren kolaborazioak ematen dio bukaera liburuari.
Idoia ERASO | BAIONA
Zer da «DeklinaBide Baigorri»? Liburu bat. Horretaraino definizioa erreza da, baina harago joateak lana zailtzen du. «Liburu hau banakakoa eta taldekoa da aldi berean», azaldu zuen Oronosek berak Baionan egindako aurkezpenean. Liburuaren grafismoa egin duen Christian Velezek, bestalde, horrela definitu zuen: «Jolas bat bezala asmatua izan da eta irakurri edo begiztatuko dutenak harrituak izango direla espero dut, izan ere, objektu hegalari ezezagun txiki bat da edizioaren munduan». «Deklinabidexka» zatia idatziz kolaboratu duen Jean Haritschelharrek «B» letra erabili du liburua definitzeko: «Bastidatik Belexirat, Baigorri da ohoratua liburu berezi batean».
Denak bilduz eta dagoena zabalduz, horrela defini daiteke: munduari irekitako eta Baigorrin errotutako idatzi artistikoa. Idatziaren lehen parteak, «Deklina» du izena eta deklinabidea du oinarri. «Baigorri» hitza deklinatuz, hain zuzen ere. Michel Oronosek prosaren eta poesiaren artean kokatzen diren testuak idatzi ditu deklinabide ezberdinetan oinarrituz. «Testu libreak dira, bertso laxoetan; nahiago dut laxoak direnean, askatasun gehiago baitut», nabarmendu zuen idazleak.
Liburuaren bigarren parteak idazleak berak munduan zehar idatziak izan diren obra ezberdinetan egindako hautaketa erakusten du. «Bide» da bigarren zatiaren izena, baita testuok elkartzen dituen gaiarena ere. «Olerki, atsotitz, ipuin, kantu... bada denetarik. Lore zama handi bat bada», gehitu zuen Oronosek.
Hirugarren zatia «Deklinabidexka» da, non Oronosen ideiatik abiatuta Jean Haritschalharrek deklinazioa landu duen literarioki. «Jean bide beretik hasi da eta bere deklinabidea egin du umore eta umiltasun handiarekin», azpimarratu zuen idazle baigorriarrak Euskaltzaindiaren presidente ohi eta herrikideari buruz. Loreak bi norabideetan joan ziren, Haritschalharrek Oronozi buruz esandakoak entzunda: «Ez bada bertsolaria, olerkaria da».
Obraren nondik norakoak ulertzeko, idazlearen inspirazio iturria ezagutzeak laguntzen du. Jacques Allièresek «Les Basques» liburuan euskararen gramatika eta bereziki bere deklinabidea azaltzeko Baigorri herria erabili zuen, kasu guztiak «Baigorri» hitzari egokituz. Oronos eta Haritschelhar baigorriar, Baigorriko, izanik, hori baliatu dute aitzakiatzat maitasunez beteriko sorkuntza artistikoa gauzatzeko.
Liburu berezia, baina aldi berean pedagogikoa ere izan daitekeena. «Liburu hau eskoletan erabilia izaten ahalko dela iruditzen zait, ikasleekin dibertitzeko baliatzen ahal da. Ikasleek deklinabideak landuz lehiaketa bat antolatuz esaterako», gaineratu zuen Michel Oronosek.
Eñaut eta Eñaut bezala aurkeztu zituen Michel Oronosek bere lagun kantariak liburuaren aurkezpenean jasotako laguntza eskertzerakoan, baina Euskal Herrian barna ezagunagoak dira Etxamendi eta Larralde bezala. Aspaldiko garaiak gogoan, kantuz aritu ziren ostegun goizean Baionako megadendan. Oronosek aitortu zuen legez «liburuan bozak eskas» badira ere, ez zen prentsaurrekoaren kasua izan, non «Ttiki-ttaka» kantuarekin oparitu zituzten kazetariak.
Beraien diskoak egun eskuragarri ez baldin badaude ere, musikazale euskaldun askoren gogoan dauden bi kantariek lagunartean jotzen segitzen dute. I. E.