Ariane Kamio Kazetaria
Hura bai litzatekeela kolosala!
Sarrionandiak Euskal Herrirako itzulera nola irudikatzen duen jakiteko grina piztu zait azkenaldian. Bere azalean egongo bagina, ziur geuk ere jakingo genukeela «zer den amaren begian egotea»; ezagutuko genituzke gau ilunekoetako gizaki estralurtarrak; eta behe laino artean baino, moro artean bizitzen ikasiko genuke segur asko, lagun izoztuen erara. Esatea libre, pentsatzea ere bai.
Era batera edo bestera, distantzian bizitzen ikasiko genuke Joseba Sarrionandia izango bagina. Distantzian idatzi, pentsatu eta sentitzera ohituko genuke geure burua, inoiz norbanakoa distantziara ohitzen bada behintzat. Largabista efektuarekin biziraun beharko genuke hogeita sei urtez bederen, urrunekoa ahalik eta gertuen bistaratzeko erronka etengabean.
Denok Joseba Sarrionandia izango bagina, ostera, ez zen Joseba Sarrionandiarik existituko, ez eta Toots and the Maytals jamaikarren originala bertsionatu zuen Kortaturen «Sarri, Sarri»-rik ere; edota behe laino arteko moro sasi sariturik ere ez. Bakarra izan behar baitu sorterriari hari literariotik lotuta jarraitzen duen iheslariak. Eta hala da bere kategorian, bakarra.
Isiltasunez bilduta egon da atzora arte orain aste batzuk eskandalagarritzat jo zen erabakia. Lakuak diru saria «desatxikiko» duela jakinarazi zuen atzo, Auzitegi Nazionalak Sarrionandia «garbi» dagoela esan, eta Lakuak bere jarrera baieztatzeko arrazoiak jaso ondoren. Literaturan ere auzitegien epaia behar da antza epaimahai burujabe batek erabakitakoa berresteko. Hamaika ikusteko jaiotakoak gara.
Europa biltzar etxean jendaurrera begira irudikatu dut aspaldion. Begirada bizkorraz, bizarra aurpegian eta ezer berezirik egin ez balu bezala, senideen ondoan eserita, idazleak agurtzen, lasai. Lagun izoztuen konpainian, gau ilunekoen bueltan eta, hogeita sei urte geroago, oraindik amaren begian dagoela. Baina ez kristal lausotuen atzean, ez neguari begira, ez patioko itolarri aitortu hari lotuta ere.
Hura bai litzatekeela Kolosala!