Donostiako auzo elkarteek eta Udalak Euskararen Eguneko egitaraua azaldu dute
Ana ABARIZKETA | DONOSTIA
Abenduaren 3a gerturatzen ari den heinean, Euskararen Nazioarteko Egunaren ospakizunen eta egitarauen berri izaten jarraitzen dugu. Atzo, Donostiako Udalak eta hiriko auzo elkarteek agerraldi bateratua egin zuten udaletxean, Alkatetzaren bandoa aurkeztu, Gipuzkoako hiriburuan euskararen bilakaeraren inguruan azalpena egin eta hiriko zortzi auzoetan antolatu diren ekimenen berri emateko. Dozena bat lagunek hartu zuten parte agerraldian, eta «Guk ere euskaraz» zioen pegatina soinean agertu ziren.
Udalaren ordezkari gisa, Juan Karlos Izagirre alkateak, Nerea Txapartegi Kultura eta Euskara zinegotziak eta Axier Jaka Informazio, Partaidetza eta Ingurumen zinegotziak hitz egin zuten. Izagirrek plazaratu zuen bandoa eta euskararen aldeko lana egun bakarrera ezin daitekeela mugatu azaldu zuen; izan ere, «gutako askok amesten dugun `Donostia, euskararen hiria'» eguneroko ahalegin pertsonal eta kolektiboaren emaitza izango dela aldarrikatu zuen. Lan horretan, administrazioak, eta are gehiago hautetsiek, hautatu dituzten herritarren aurrean eredu izan behar dutela azaldu zuen, «inork ez baitu Donostia, eta zer esanik ez Euskal Herria, euskaldunduko, aurretik bere burua euskalduntzeko gai ez bada».
Nerea Txapartegik egitaraua aurkeztu zuen eta sare sozialetan eta teknologia berrietan euskararen presentzia handitzeko asmoz abian diren bi ekimenetan parte hartzera dei egin zien bizilagunei. Euskara Iruditan mosaikoa bata -www.gukereeuskaraz.net webgunean- eta Kutxa Ekoguneak antolaturiko Euskararen Ginkana lehiaketa bestea -www.euskararenginkana.net-en-.
Axier Jakak ekitaldiak zortzi auzotan izango direla azaldu zuen. 40 erakunde eta eragilek hartu dute parte antolatze lanetan. Jakaren aburuz, Udalak duela bi hilabete auzotarrekin martxan jarritako Auzo eta Herriak Donostia Indartzen egitasmoaren eredu parte hartzailearekin bat egin du Euskararen Egunaren karietara auzoetan martxan jarritako ekimenak.
Altzan, Amaran, Amara Berrin, Grosen, Intxaurrondon, Loiolan, Loiolako Erriberetan, Parte Zaharrean eta Antiguan egingo diren ekitaldi gehienak asteburu honetan bertan izango dira. Egun nagusian, abenduaren 3an, hirian egingo dituzte ekintza nagusiak.
Bide luzea
Auzotarren izenean Isidro Yoldi Amarako bizilagunak hitz egin zuen. Azken urteetan euskarari dagokionez Donostian emandako pausoak «handiak» izan direla esan zuen, lortutakoa nahikoa ez dela iritzi bazion ere, «inoiz baino gehiago» entzuten delako. Donostia euskaldun bat lortzeko oraindik bide luzea egiteko dagoela onartu zuen.
Erabilera bultzatzen temati jardun beharra dagoela azaldu zuen, «ez delako batere erraza gure hirian zein auzoetan euskaraz bizitzea». Beraz, bai asteburu honetan bertan, baita Euskararen Egunean ere, «gure nahiak zeintzuk diren» azaltzeko aukera izango dela baieztatu zuen Yoldik.