Haizea BARCENILLA Arte komisarioa
Ole, ole eta ole
Hauteskundeetako «marea urdina»-ren ondoren gauza anitz aldatuko dira Espainiako estatuan, eta Euskal Herrira zipriztin batzuk iritsiko zaizkigu ziur asko. Asko hitz egin da, beharrezkoa ere bazen-eta, hezkuntzaz, osasunaz, langabeziaz, gizarte laguntzez. Atal honetan dagokigu kulturari so egitea, honen etorkizuna beste arloetan bezain iluna baita, edo gehiago kasik. PPren programan agertzen diren ideiak ezin dira sorpresatzat hartu: kulturaren pribatizazioa, espainolaren eta tradizio kulturalen (tauromakia da adibidea) sustatze eta zabaltzea, eta turismo-kulturaren indartzea.
EAEn badugu kultura antolatzeko eskumena, beharbada ez beti modurik onenean kudeatua; baina oraingoa bezalako egoeretan, zalantzarik gabe, onerako. Hala ere, bi arazo nagusi aurreikus daitezke politika berrien itzaletan. Lehena, betiko joeran baina agian indar gehiagoz, euskara, katalana, galiziera eta dagozkien ohiturak ez direla inon kultura edo ondaretzat hartzen, eta betiko modu artifizialean, espainolaren aurkari balira bezala aurkezten direla, politizatu eta demonizatuak.
Bigarrena, kulturaren pribatizazio eta turistifikazioa, dagokion joerarekin, hau da, gainazaleko bihurtzeko joerarekin, ez da soilik PPren kontua, nahiz eta haiek era zuzen eta agerian aurkeztu. Krisiak jada eskaini du politikarientzat desatseginak ziren hainbat proiektu geldiarazi edo ekiditeko aitzakia ederra. Tauromakiarentzat, aldiz, ziur nago beti egongo dela dirua, baita Guggenheimek lanak erosteko ere.
Saltzen dena bilatu bada orain arte, joera horren indartzea dugu aurrean, estatu mailan zein gure inguruan. Aurre egiteko prest egon beharko gara.