GARA > Idatzia > Kultura

Kartzela banatan bakartutako bi lagunek eskuz esku itzuli dute «Heldu den matxinada»

M. I. | DONOSTIA

Txalapartaren «Heldu den matxinada» liburu bitxia da arrazoi batengatik baino gehiagorengatik: alde batetik, ez dakigu zeinek idatzia den, Batzorde Ikusezina izenez sinatua dagoelako. Bertzetik, bi lagunek euskaratu dute jatorri frantseseko lana, kartzela banatan, bata bertzearengandik 500 kilometrora isolatuta zeudela. Zigor Garro eta Oier Gonzalez dira itzultzaile horiek; lehendabizikoa preso dago oraindik, baina bigarrena ez, eta aurkezpenean izan zen atzo Mikel Soto editorearekin eta Lander Garro Zigorren anaiarekin batera. Kontatu zutenez, 2008an frantziar poliziak komuna autogestionatu bat eraso zuen Tarnac izeneko herrixkan, eta zortzi gazte atxilotu zituen. «Hainbat sabotaje ekintza leporatu eta inolako frogarik gabe kartzelatu zituzten, `terroristak' zirelakoan». Horietako bati, Julien Goupati, liburu hau idaztea leporatu zioten.

Hala hurbildu zen Gonzalez lan honetara, «kuriosoa» iruditu zitzaiolako «intelektualen herrialdean liburu bat idazteagatik inor terrorismo aferetan sartzea». Atxiloketok zirela-eta, hainbat intelektual altxatu ziren horren kontra eta polemikak obra gehiago zabaltzea ekarri zuen. Sotok gaztelaniaz irakurri zuen eta adierazi zuenez, bitxiena zera da, anitzez gehiago gustatu zaiola euskarazko bertsioa. Izan ere, «frantsesek filosofia idaztean transmititzeko gai diren poesia hori baitauka».

Lander Garroren hitzetan, gizartea aldatzeko eredu erabat berriak, borroka modu guztiz aitzindariak proposatzen ditu liburuak, eta horixe du hain zuzen bertuterik handiena. «Bitxia, paradoxikoa da azalean bonba bat marraztuta dakarren liburu bat garai honetan kaleratzea, baina ez kontraesankorra», adierazi zuen.

Gaineratu zuenez, anaiak xarma ikusten dio lanari ez dakigulako zeinena den eta Batzorde Ikusezinak lan kolektiboa proposatzen duelako gizarte hau aldatzeko. Itzultzaileek ere elkarlanean lortu zuten kartzelako isolamendua haustea eta bi pertsona inkomunikaturen arteko komunikazio zubi bilakatu zen liburua.

Oinarrizko erantzuna

2007an idatzi zuten jatorrizko liburua, eta bi urte lehenago Parisko auzoetan gertatutako liskarrak ditu abiapuntu. «Oso oinarrizko krisi bati erantzun oinarrizkoa ematen dio. Oso erradikala den krisi bati, erantzun erradikala». Gaurko gizarteaz egiten duen irakurketak herri ugaritarako balio duela eta gu guztioi eragiten digula ere nabarmendu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo