GARA > Idatzia > Kultura

Country kutsuekin eta formatu akustikoan osatu du Etxe berriztarrak «Haize berri bat»

Etxe musikari berriztarrak talde formatua atzean utzi eta gitarra akustikoaren soiltasunari heldu dio «Haize berri bat» diskoan. Sei kantu berri eta aurreko lau single moldatu ditu Iban Gurrutxagaren laguntzaz.

p051_f01_148x84.jpg

A. ARRUTI | BILBO

Telebistako reality batean Patagonian izandako bizipenek eta udan Trikizio taldearekin plazaz plaza izandako esperientziak haize berri baten bila bultzatu dute Iñaki Etxezarraga Etxe berriztarra. «Inflexio puntu garrantzitsua izan da», aitortu zuen atzo. «Orain urtebete talde proiektua alde batera utzi eta Patagoniatik, naturaz inguratuta edo, inspiratuta itzuli nintzen».

Hortik sortu zuen «Munduaren amaiera konkistatzen» kantua, Maider Otegirekin batera abesten duena, eta segidan iritsi ziren gainerakoak. Horiek eta aurreko lanetako «Zenbat bide?», «Zatoz nirekin», «Hori da dena» eta «Lurralde bakarra» singleen moldaketek osatzen dute «Haize berri bat» (Baga-Biga). «Berria zer den eta lehengoa formatu honetan zer izango den erakutsi nahi nuen», argitu zuen.

Ez dago bakarrik hala ere, Iban Gurrutxaga gitarra-jotzaileak egin dizkio moldaketak. «Ni biluztu eta berak jantzi nau», esan zuen. Country giroa erantsi dio Gurrutxagak. Etxek esan zuenez, «soinu eta estilo konkretu batzuetara» hurbildu da, «kantautore soil batean» ez gelditzeko.

Formatu berriarekin, zuzenekoetarako ere aukera berri bat zabaldu nahi du. «Ez nuen gauza handirik nahi, kontzertu txikiak probatu nahi ditut, intimoak... Bidaiatzeko aukera ere errazago da horrela». Eta hasi da dagoeneko, «Artistas en ruta» programarekin Galizian eta Segovian izan da. Ostiral honetan, Pontevedrara doa eta larunbatean, berriz, Getxon izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo