Aldudarren ahotsak eta beren oroitzapenen aktore diren emakumeak, Imanol oroituz
GARA | DONOSTIA
Imanol Oroituz jardunaldien barrenean, Nafarroa Behereko Aldudarrak elkarteko kideek kantaldia eskainiko dute larunbat honetan, Donostiako Antiguako Lugaritz kultur etxean. 20.00etan hasiko da ekitaldia eta 3 euroan eskuratzen ahalko da txartela. Aldudarren ahotsei lagunduz, Nicolas Viellek pianoa joko du, Sebastien Desgransek, akordeoia eta Sebastien Lucek, gitarra.
90eko hamarkadan jendeak eta partikularki gazteak ez zirela gehiago kantuz aritzen ikusita, kultur elkarte honek euskal kantuari bultzada bat ematea erabaki zuen. Eta egitasmo horren barruan sartzen da Imanolen omenezko kantaldia.
Hurrengo egunean, igandean, beste ikuskizun bat izango da Imanol Oroituz jardunaldietan. Lugaritz kultur etxeko Imanol Larzabal aretoan, antzezlan bat egingo du Compagnie des Hommes taldeak. 19.00etan da hitzordua eta 5 euroan salduko dituzte sarrerak.
Compagnie des Hommes-ek, Didier Ruizek zuzenduta, aspaldian dihardu oroitzapenen eta antzerki dokumentalaren gaia lantzen. Hala, Théâtre des Chimères-eko Txomin Heguy-rekin batera, lan berezia sortu du, euskara eta euskal kultura nabarmentzen dituena. Zenbait belaunalditako emakumeen lekukotza-sorta batetik abiaturik lekukotza horiek eszenaratu dituzte ikuskizun «zintzo bezain hunkigarri» batean.
Emakume hauek, hamar edo hamabi, beren oroitzapenen aktore izango dira eta hizkuntzarekin eta haurtzaroarekin duten harremana kontatuko dute, familian eta lan arloan egiten dituzten ekintzak... Adineko jendea liburutegia, bideoteka, diskoteka dela oroitaraziko dute, inor ez dela zahar jaiotzen eta hala bihurtzen garela denok.