GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz | www.elomendia.com

PPren kaioak gure gainean

Subiranotasuna dago, jakina, eztabaidaren lehen mailan. Euskal Herriaren subiranotasuna, merkatuen aurreko subiranotasuna... Subiranotasun politikoa, ekonomikoa, kulturala, maila guztietakoa. Menpekotasuna ala subiranotasuna, horixe da koxka

Bitxia da bizitza. Hegazkin bat hartzeko plana egiten duzu eta Argentinako errepide ondoko hostaltxo batean bukatzen duzu, udaberri australaren beroa ahultzen hasia dela gozatuz. Mundu mailako errepresio sareetan harrapatuta gelditu ei naiz, aspaldiko espainiar agindu baten itzalak segitzen bainau. Espainiarrek ez dute ni harrapatzeko agindurik eman, baina nolabait eman ez duten aginduaren aztarnak iritsi dira argentinar poliziengana. Ondorioa: Argentinan sartzea erraza da, batek daki zergatik, baina ateratzea, bai to! Konpondu ei da, baina hegazkinen jario eroa ez da gelditzen «terroristen» zerrenda beltzetan ageri den euskaldun bat galduta dagoelako aireportu batean.

Ez noakizue, dena den, nire balentria aspergarrien berri ematera. Halakoak jasan ditugunon zerrenda luzea da eta asko dira arazo larriagoei aurre egin behar izan dietenak. Gaurko gaia herrien subiranotasuna da, eta espero ez nuen bidaia aldaketa ekarri dit gogora, nagoen lekutik gertu gertatu baitzen uren kontrolaren inguruko talka handia 1845ean, bertakoen eta frantziar-britainiarren artean. Europarrek Parana eta De la Plata ibaiak menperatu nahi zituzten, eta irabazi egin zuten bataila, baina beren kontrakoa izan zen ondorio nagusia, bertakoen eskuetan gelditu baitzen nabigazioaren kontrola.

Argentinar bati esker jakin dut bataila hori noiz eta azaroaren 20an izan zela. Nazio subiranotasunaren eguna izendatu zuten gerora, Vuelta de Obligadoko batailarena, PPk espainiar estatu mailako nagusitasuna lortu zuen eguna, hots. Guretako azaroaren 20ak beste esanahiak ditu, baina lur hauetan, esanguratsuki, bataila hura etorri zaie gogora batzuei eta PPri begira jarri dira, jakin badakitelako zein den espainiar eskuinaren ibilbide historikoa.

Esaterako, askok aipatzen dute espainiar gobernuak izan dezakeela krisialdiaren faktura Ameriketako birkolonizazioaren etekinetatik ordaintzeko tentaldia. Bestela esanda, Ameriketako aberastasunak berriz ere gogotik lapurtzeko. Ikusi beharko da hori izanen ote den espainiar agintari berrian jokamoldea. Baina, jada Zapateroren garaietan atzeman denez, gero eta mugatuagoa da espainiar estatuaren eragin politikoa. Espainiar burbuilaren leherketak beste posizio batean utzi baitu Espainiaren irudia.

Euskal Herrian gainbehera doa espainiar egitasmoaren kotizazioa, Europan bezala. Ameriketan ere atzematen dira erorketaren ondorioak. Ez soilik Espainia- rekiko, euroa bera ez baitute duela urte batzuk bezala ikusten.

Subiranotasuna dago, jakina, eztabaidaren lehen mailan. Euskal Herriaren subiranotasuna, merkatuen aurreko subiranotasuna, neokolonialismoaren erasoei aurre egiteko subiranotasuna... Subiranotasun politikoa, ekonomikoa, kulturala, maila guzietakoa. Menpekotasuna ala subiranotasuna, horixe da koxka.

Argentinarrek bezala, guk ere pentsatu beharko dugu nola aurre egin PPren kaioen erasoei, finean, nola gainditu menpekotasuna, subiranotasuna eskuratuz. Bidea egingarria da. Duela 210 urte espainiar kolonia zen herri independente batean idazten dut. Inperioek ere galtzen dituzte batailak. Areago gainbehera doazen inperioek, jakina!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo