GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sokatira | Lauko Txapelketa

Abadiño eta Badaiotz dira oraingoz indartsuenak

Bizkaitarrak eta arabarrak dira gaur Ibarrako Belabieta kiroldegian jokatuko den ekitaldia irabazteko faborito nagusiak. Mutilak 300 kilokoan arituko dira, eta emakumezkoak, berriz, 260 kilokoan.

p042_f02_97x64.jpg

Jon LEUNDA

Euskal Herriko Lauko Sokatira Txapelketan gizonezkoen 300 kilokoan eta emakumezkoen 260 kilokoan lehen jardunaldiak jokatuko dira gaur. Ekitaldia 17.00etan hasiko da, Ibarrako Belabieta kiroldegian.

Emakumezkoetan, Bizindar, Sakana, Badaiotz A, Badaiotz B, Ibarra A, Ibarra B eta Berriozar lehiatuko dira. Hiru jardunalditako ligaxka jokatuko da, eta horien ostean punturik gehien dituen taldeak irabaziko du txapela. Faboritoak aipatzerakoan, Badaiotz da nagusia. Arabarrak azkeneko urte hauetan punta-puntan dabiltza, ez Euskal Herrian bakarrik, baita hemendik kanpo ere. Ibarra eta Sakana ere oso kontuan hartu beharko dira, horiek ematen baitute arabarrei aurre egin diezaieketen talde bakarrak.

Gizonezkoetan, Abadiño A, Sokarri A, Amaiur A, Urruña, Berriozar, Ñapurrak A eta Ibarra A lehiatuko dira A multzoan; eta Abadiño B, Amaiur B, Sokarri B, Amaiur C, Ñapurrak B, Ibarra B eta Kuartango Urkabustaiz, berriz, B multzoan neurtuko dira.

Pisu honetan talde asko direnez, bi jardunaldi jokatuko dira, eta multzo bakoitzeko hiru onenek finala jokatuko dute abenduaren, 17an Berriozarren.

Nafarroakoa

Nafarroako Zortziko Txapelketan, berriz, Amaiurrek jantzi zituen lehen bi txapelak pasa den larunbatean. Bata gizonezkoen 640 kilokoan bereganatu zuen, eta bestea, berriz, 420 kiloko mistoan. Hau seikoa izan da, talde bakoitzean hiru neska eta hiru mutil joan baitira. Bihar 12.00etatik aurrera Berriozarren jokatuko da gizonezkoen 600 kilokoan lehen jardunaldia, eta baita emakumezkoen 390 kilokoa ere. Hau ere seikoa izango da, talde bakoitzean sei neska joango baitira. Bi jardunaldi izango ditu pisu bakoitzak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo