GARA > Idatzia > Kultura

Analisia | euskadi sarietarako idatzitako gutuna

Literatura eta Gobernua

Euskadi literatura sarien banaketa ekitaldirako Joseba Sarrionandiak prestatu zuen oinarrizko testua dugu honakoa. Bertan, Kultura Sailak sari osoa emango zion ala ez sortutako polemikaren harira, oro har literaturaren eta zehazki literatura sarien eginkizunaren gaineko hausnarketa interesgarriak plazaratzen ditu idazle erbesteratuak. «Moroak gara behelaino artean?» (Pamiela) liburua agortu egin da. Bigarren edizioa prestatzen ari dira. Saria hartu ez banu, esan beharrik ez nuen izango; hartu dudanez gero, esan behar dut sari honen historia ez dela batere ohoragarria izan. Fundatu zenetik, literaturaren balioa erakusteko eta idazleen lan eskerga aintzat hartzeko antolatu beharrean, alderantziz eratu zen: botere instituzionala laudatzeko

p044_f01.jpg

Joseba SARRIONANDIA Idazlea

Aurten irakurri ditudan lau liburu eder aipatu nahi ditut: «Autopsiarako frogak», Koldo Izagirrerena; «Goizuetan bada gizon bat», Patziku Perurenarena; «Walter Benjaminen aingerua Gernikako bonbardaketatik», Ignazio Aiestaranena; eta «Darwin gurean», Kepa Altonagarena. Irakurri ahala ikusi dut nire kezka eta larritasunak haienak ere badirela, eta beste saiakera batzuk ere izango dira beharbada, sari hori nik baino gutxiago merezi ez dutenak.

Saria arraroa egiten zait, egia esan. Ohitura faltagatik, eta beste arrazoi batzuengatik ere bai.

Lau urterekin erdaraz jakin gabe sartu nintzen eskolara, baina erdaraz besterik ezin zen eskolan egin: hala bizi ginen orduan euskaldunak, arrotzak bagina bezala geure herrian. Gero, Espainiako kartzeletan ibili nintzen, eta ez estatuaren funtzionario moduan, herritar ustez normalak ibili beharko liratekeen moduan, baizik torturatua izan ondoren, eta esplikatu beharrik ez dagoen moduan, euskaldunentzat ohitura izan denez. Harrezkero, erbestean bizi izan naiz, Espainiako zelatariengandik ihesean, beste euskaldun asko bezala.

Euskaldun onak saritzen dira, euskaldun gaiztoak zigortzen, erreserban. Sari eta zigor sistema dugu orduan; carrot and stick policy deitzen diote horri Inperioan, ez?

Ezin izan diot egundo normaltasun airerik hartu ahal izan gure egoerari.

Normaltasun ezari buruz idatzi dut saiakera, gure historia lotsagarriari eta gure antzerki antzeko politikari begira.

Liburua amaitu eta berehala ikusi ditut gauzak aldatzen: Afrika iparraldeko jendea altxatzen, euskal politika beste agertoki batzuk estreinatzen, eta, nire liburuko galderak erantzun ahal izan orduko, beste galdera batzuk planteatzen ari direla. Ederra ere bada ukitzen dena mugitzen ikustea. Hala da pentsamenduaren eta literaturaren materia, ura hatzen artetik bezala eskapatzen dena.

Hala ere, moroak aipatu nahi ditut. Moroak Historiaurretik daude gure artean.

«Jo egin naute moroa naizela esaten dutelako» esan omen zion ume batek amari, beste ume batzuek jo zutenean.

Ez zuten jo bera «moroa zelako», baizik haiek «moroa zela esaten dutelako». Hala gertatzen baitira gauzak, nahiz eta mororik ez existitu. Zeren moroak ez dira existitzen, moroen asunto honetan esperientzia apur bat bildu dut bizitzan zehar, eta sinetsi ahal didazue.

Ez dago bere burua morotzat duen inor. Beste batzuek hartzen dute halakoa morotzat, zanpatu nahi dutenean. Eta hagatik gara edo izan gaitezke denak moroak. Musulman nahiz euskaldun, emakume nahiz homosexual, beltz nahiz pobre. Menperatuekiko mespretxu eta gorroto hori giza sentimendurik makurrenetakoa dela abisatu zuen Elias Canettik. Inor zapaltzeko, beraren izaera berez zitala aitzakiatzat erabiltzea.

Jende jakitun asko jausten dela, esaten zuen, makurkeria horretan.

 

Saria hartu ez banu, esan beharrik ez nuen izango; hartu dudanez gero, esan behar dut sari honen historia ez dela batere ohoragarria izan.

Fundatu zenetik, literaturaren balioa erakusteko eta idazleen lan eskerga aintzat hartzeko antolatu beharrean, alderantziz eratu zen: botere instituzionala laudatzeko.

Hori nahikoa ez eta, saria manipulatu egin zen urterik urte modu alderdikoi batean. Ez zuten gaur egun gobernuan dauden alderdiek asmatu jokabide hori, bide batez esanda, baina jarraitu dute. Baztertuentzat txarra izan bada, saria jaso duenarentzat ere kaltegarria izan da, zeren, sariaren zintzotasuna dudan egonda, Woody Allenen diru-harrapatzailearena besterik ezin zuten egin.

Behin baino gehiagotan eskatu dute idazleek eta editoreek ken daitezela sarirako liburuak aurkezteko baldintza eta betebeharrak. Aurreko urteko liburu argitaratuak kontuan hartzeko ez da halako eragozpenik behar.

Arazo zailak daude munduan: desigualtasun sozioekonomikoak, demokrazia eskasa, militarismoa, desinformazioa eta aberatsen kleptomania pobreen kontra, adibidez. Euskal Herrian ere baditugu arazo larri batzuk: azken hamarkadetako borrokaren kalteak eta euskaldunen autogobernu arazoak, esaterako.

Halako arazoak konpontzeko zailak dira eta luzaroan egin beharko da ahalegina. Baina sari hau erraz egin daiteke presentableagoa modu sinple batean: asmatu diren formalismo eta kondizio guztiak kenduta.

Bizkaiko Correoa, nire ume denborako Don Celesen periodikua, izan da sariari buruz paperean heldu zaidan bakarra. Besteren artean, Euskal Herriko Unibertsitateko Teoria Politikoko irakasle baten artikulua irakurri dut. Esaten du, gutxi gorabehera, edozein gobernuk bere hariko literatura bultzatzeko obligazioa duela. Hortik atera daiteke literaturak bere aldetik delako gobernu hori promozionatu beharko lukeelako ondorena.

Literaturak naturalago azaltzen ditu arazoak eta formulatzen ditu galderak, nik uste, egia zuzenetsiak eta instituzio finkatuak promozionatu baino.

Gobernuei buruz, berriz, espero dut herriek gero eta ordezkaritza egokiagoa izango dutela gobernuetan. Ez dadila gertatu, aurrerantzean, oraindik ere gertatzen ari dena: jendearen ehuneko batek erabakitzen dituela jendearen ehuneko 99aren gauzak. Halako zenbakiak ematen dituzte, behintzat, Wall Street-en aurrean protestan biltzen direnek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo