GARA > Idatzia > Kultura

HAUR LITERATURA

Mundua nire kontra

p045_f01.jpg

Xabier ETXANIZ ERLE

Euskal idazle ezagun batek aipatzen zuen zein garrantzitsua den umorea haurrentzako liburuetan, eta aitortu behar da gai serioei buruz ere hitz egin daitekeela umoretik. Horrelakoxea dugu liburu hau, gaur egungo familia baten gorabeherei buruzko ipuina idatzi baitu Antxiñe Mendizabalek; langabeziaren mamu erraldoia presente egonik, familia barneko egoera desorekatua, haserreak, gaizki ulertuak eta kasketak sorrarazten diren giroa izanik, idazleak -eta ilustratzaileak, komikiaren eragina duten irudien bidez- lortu du irakurlearengan irribarrea plazaratzea.

Istorioren narratzailea protagonista nagusia dugu, Katti, bi anai-arreba biki txiki dituen neskatoa; eta hasieratik ikusi ahal izango dugun bezala, narrazioa zuzena da, hitz gutxitan, deskribapen gehiegirik gabe, egoeren nondik norakoak azaltzen irudien eta testuaren bidez. «Ez zaizkit porru-patatak gustatzen» izenburua du liburuko lehen atalak, eta lerroetan barneratu ahala ikusiko dugu izenburu horren ostean haserrea, ama eta alabaren arteko talka egon dela: «Nire gelan itxita, aita eta ama entzuten ditut hizketan, niri buruz; ama buila batean eta aita nekatu antzean». Porru-patatak daude jateko eta Katti gelan entzerratu da mahaitik platera kendu arte; «Bera burugogorra bada, ni gehiago», dio amak, eta horrelaxe, tentsio giro horretatik abiatzen da Kattiren kontakizuna.

Irakurleak ikusiko du neskatoren ikuspegia oso bitxia dela, «Ez zait eskola gustatzen», «Ingeleseko andereñoak begitan hartuta nauka», «Manexek saldu egin nau»... hots, munduaren kontra ari den edo mundua bere kontra duen neskatoa dugu Katti, eta bera, egoera larri horren erdian, etxeko arazoak konpondu nahian (lanean hasteko prest baitago, umezain, gure neskatoa).

Gertakariak, baina, ez dira inoiz ateratzen norberak uste bezala eta ipuinak ere ez dira irakurleak uste bezala amaitzen. Horregatik kontu batzuk nahastu egingo dira (are gehiago esan beharko genuke) eta beste batzuk konpondu (lagunekiko harremana, esaterako), eta horren guztiaren ondorioz amaiera harrigarri eta borobila eskaini digu Mendizabalek, hori bai, Kattiren porru-patatak pure eginda («ez zara konturatu ere egingo»).

Hari narratibo nagusi bati jarraika, idazleak Kattiren eguneroko paisaian barneratzen gaitu, etxean, eskolan, lagunekin, autobusean, igerilekuan... eta azkenik, umezain; gertaerak elkarrekin loturik ageri dira eta, arestian ikusi bezala, hasierako kontuak edo eztabaidak ematen dio amaiera (gertakarien ondoren pertsonaiak garatuak direlarik) modu ezberdin batean.

Estiloan, gainera, narrazio bizia dugu; Kattiren ikuspegitik ederki kontatua eta deskribapenetan gehiegi luzatu gabe, elkarrizketa arin eta bizien ondorioz hainbat kontu iradokitzen direlarik, esan gabe ere elkar uler baitezakete lagunek; eta guk gehiagoren beharrik gabe ere, ederki uler baitezakegu nolakoa den Katti, zer gertatzen zaion, zer pentsatzen duen... eta zein gogorra den haur batentzat haurra izatea!!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo