Estibalitz EZKERRA I Literatur kritikaria
Iraganaren auzi konplexua (I)
Bere oraina eta geroa negoziatzen ari denak iraganarekiko zein jarrera agertu behar du? Ez da galdera erantzuten erraza. Jodi Byrd irakasleak behin baino gehiagotan bota digu aipatu galdera klasean, seihileko honetan. Chickasaw «nazio»ko kide da bera («nazio» bat izan nahi duten ala ez, oraindik eztabaidatzen ari dira. Izan ere, Aime Cesairek esan zuen bezala, Mendebaldekoa ez ezik, kontzeptu arras burgesa da «nazioa»), eta bere kondiziotik esan ohi digu berak aspaldi erabaki zuela etikaz jokatu behar duela batek. Nahikoa indarkeria (fisikoa zein epistemologikoa) eragin eta oraindik ere eragiten dihardu Mendebaldeak bere herrikideengan. Testuinguru honetan, etikaz jokatzeak esan nahi du batek begirada kritikoz aztertu behar duela bere ingurua, eta aitortu bizitza ez dela zuri ala beltz, on eta gaizto. Gerta daitekeela norberak (norberaren herriak) kolonizatzailearen tresnak hartu eta bere herrikideen kontra erabili izana.
Adibidez, indiar-amerikar «nazio» dezentek odol irizpideari (kolonizatzaileek inposaturiko praktika arrazista, indigenak kontrolatzeko) eusten diote oraindik, kidetasuna eman ala ukatzeko.
Adibidez, indiar-amerikar «nazio» dezentek debekatu egiten dituzte sexu bereko kideen arteko harremanak (nahiz eta iraganean indigenen epistemologian sexu kategoria hertsirik existitzen ez zen). Adibidez, cherokee «nazioak» beltzen esklabotzan modu aktiboan parte hartu zuen, baina orain, esklabo haien ondorengoei, ukatu egiten die «nazio»-kide izatearen eskubidea nahiz eta «nazioa»n bertan jaio eta hazi diren, «benetako» indiar-amerikar ez direla argudiatuta.