EAJk eredu bidegabe baten aldeko apustua berretsi du Bizkaian, PPrekin batera
Lehen aldiz, EAJ eta PP ados jarri dira Bizkaiko datorren urteko aurrekontuak onartzeko. Baina ez da harritzekoa, zerga politika beraren eta oro har eredu ekonomiko beraren aldekoak baitira biak. Orain artean jeltzaleek PSErekin adostu izan dituzte aurrekontuak, baina PSE oraingoan hurbilago dago Bilduk Gipuzkoan abiatu nahi duen eredutik: Lakuako Gobernuak ahaldun nagusiei egindako proposamenak, esate baterako, Sozietateen gaineko Zerga edo PFEZ fiskalitate progresibo batera egokitzeko norabidea zuen. Herenegun, Zergak Koordinatzeko Organoaren bileran, aldundiek ez zuten azkenean akordiorik lortu; hortaz, ez da harmonizazio fiskalik izango, EAJk oso garrantzitsutzat jotzen zuen arren. Nolanahi ere, harmonizazioa ez da «gainerakoen» kontua, denena baizik. EAJk bere hautaketa egin du, azken 30 urteetan errenta handiak mesedetu izan dituen ereduari eutsiz, PPrekin batera. Eta lehen zuribiderik ez zuen zerga politika krisiaren aitzakian justifikatu nahi dute orain, fiskalitate progresibo eta bidezkoagoa lortzeko erreformak baztertuz. Madrilek erabakitako pentsio eta lan erreformak babestu egin zituen EAJk, eta atzo eredu bidegabe horren aldeko apustua berretsi zuen Bizkaian.