eider elduaien olazar | Tolosa
Emakume eta eskale, hirugarren mailako herritar?
Hiru urte eta erdiko espetxe zigorra jarri diote Elena Cal hil zuen gizasemeari. Epaileak dio ez zuela hilketa nahita egin, baizik eta zuhurtziagabekeriazko homizidioa izan zela. Hiltzaileak berak, Pablo Jorge Simaok, onartu du berak hil zuela Elena, baina ez zela bere asmoa. Fiskalak honen kontrako 14 urteko espetxe zigorra eskatu zuen, defentsak berriz, urtebetekoa. Badirudi, epailea, azken honen argudioetara gerturatu dela hiru urte eta erdiko espetxe zigorra ezartzean. Antza, Elenaren heriotza eragin zuen lepoan emandako labankada bakarra ez da nahikoa erruduna errudun oso izendatu eta dagokion zigorra ezartzeko.
Emakumeen aurkako indarkeria horrela ordaintzen bada jendarte honetan, zein emakume ausartuko da bere erasotzailearen aurkako salaketa jartzen, sistemaren aldetik inolako babesik ez duela izango jakinda? Emakume erasoei dagokie lehen urratsa ematea, salatzea alegia, baina jendarteko arlo guztien babesa izan behar dute hauek: epaitegiena, instituzioena, poliziarena, osasungintzarena...Ziurtasun horrekin eman behar du urratsa emakume erasoak.
Eta pentsatzen hasia naiz, ez ote duen Elenaren «estatusak» eragina izan epai honetan? Behin eta berriz ari dira nabarmentzen komunikabideetan Elena kalean bizi zela, eskalea zela. Eta zer?
Beste behin ere agerian geratu al da herritar guztiok ez garela berdinak legearen aurrean? Lehen mailako, bigarren mailako eta hirugarren mailako herritarrak daudela sistema kapitalista patriarkal honetan? Emakumeen aurkako indarkeria orok behar du dagokion erantzuna. Eta berdintasunean oinarritutako jendarte batean bizi nahi badugu (berdintasunaren aldeko hitzez betetzen zaie ahoa arduradun instituzional askori azken urteetan) erasotzaileek argi izan behar dute hemen ez dutela lekurik. Jendarteak ezin ditu jarrera hauek babestu, ezta konplize izan ere, eta jendartea diodanean, eremu guztiez ari naiz, epaitegi, instituzio, polizia zein herritarrez.
Kalean bizi zen Elena bai, kaleko emakumea zen. Tolosan aski ezaguna, eta oso gertuko emakumea. Bizitza gogorra izandakoa. 16 urte zituela bortxatua, eta alaba Galizian utzita etorri zen hona. Gertakari haiek tarteko, gainera, eskizofrenia sortu zitzaion. Bizitza gogorra eta amaiera injustua eta onartezina bizitakoa. Baina bere duintasuna ekarri nahiko nuke hona; epaile eta sistema honek lur azpian utzi nahi izan duen emakume honen duintasuna. Besarkadarik beroena bere sendiari eta lagunei. Ahanzturan gera ez dadin, Elena gogoan.