GARA > Idatzia > Kultura

Gpuntuak finalerako azken txanpari ekingo dio gaur eta bihar, Arrasaten eta Tolosan

GARA | DONOSTIA

Hiru geltoki, hiru finalaurreko baino ez dira falta abenduaren 18an Donostiako Illunben jokatuko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalerako. Hemezortzi bertsolari dira egun horretan kantatzeko hautagaitza aurkeztu dutenak, baina zortzik baino ez dute azken geltokiraino iristen den tren txartela.

Gaur Arrasaten egingo du lehenengo geldialdia. Uarkape pilotalekuan izango da saioa, 17.30ean hasita. Bertan izango dira kantuan Beñat Gaztelumendi, Felix Zubia, Agin Rezola, Iban Urdangarin, Alaia Martin eta Iker Zubeldia. Aurkezle lanetan Egoitz Aizpuru izango dute. Horietatik puntu gehien biltzen duena zuzenean sailkatuko da Donostiako finalerako.

Bihar, berriz, Tolosako Usabal kiroldegian izango da saioa. Bertan oholtza gainean arituko diren bertsolariak Beñat Lizaso, Aitor Sarriegi, Iñigo Izagirre, Jexux Mari Irazu, Nerea Elustondo eta Unai Agirre izango dira. Kasu honetan Jon Zaldua izango dute aurkezle. Azken finalaurrekoa datorren igandean jokatuko da Hernanin.

Leihatiletan 600 sarrera

Txapelketako talde antolatzaileak atzo jakinarazi zuenez, 600 sarrera jarriko dira salgai Arrasateko eta Tolosako leihatiletan. Bi saioetan leihatilak arratsaldeko lauretan irekiko dira, eta, beraz, oraindik Internet bidez sarrera eskutan ez dutenek bertan dute aukera.
Bestalde, hiru finalaurrekoetan kartzelako sintonia berria izango du Gpuntuak. Arkaitz Miner musikagile errenteriarrak txapelketarako propio prestatutako sintonia izango da.  Minerrek Xabier Leteren musika hartu du oinarri, orain urtebete zendutako kantariari omen egite aldera. Antolatzaileek keinu berezia egin nahi izan diote Xabier Leteri, bere ibilbidean zehar bertsolaritzari egindako ekarpen oparoagatik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo