GARA > Idatzia > Euskal Herria

Beste espetxe politika bat eskatzeko Rajoyrekin Madrilen bilduko dela dio Patxi Lopezek

GARA | GASTEIZ

Mariano Rajoy hurrengo gobernu espainoleko presidentearekin bilduko da Lakuako lehendakari Patxi Lopez, Euskal Herrian den egoera berriaz hitz egiteko. Bere egitasmoa aurkeztuko diola iragarri du Lopezek. Bestelako espetxe politika bat eta «eskaera demokratikoak betetzen dituzten alderdien legalizazioa» azaltzen dira bertan, dioenaren arabera.

EBko eledun Mikel Aranak eskatuta egin zituen adierazpen hauek Lopezek Gasteizko Legebiltzarrean. ETAren adierazpenaren ostean hainbat alderdi eta eragilerekin izan zuen bileren emaitzez galdetu zion Aranak Lopezi.

Bilera horiek «diskretuak eta eraginkorrak» izan direla erantzun zuen lehendakariak, eta dagoeneko Rajoyrekin hitz egin badu ere, «lasaiago» aritu nahi duela gaineratu zuen.
Bere egitasmoa honako puntuetan oinarritzen dela nabarmendu zuen Lopezek: «Biktimak onartzea, pedagogia demokratikoa zabaltzea, euskal jendarte osoaren parte-hartzearen eta desarmearen alde lan egitea, espetxe politika desberdin bat eta eskaera demokratikoak betetzen dituzten indar politikoen legalizazioa».

EAEko PPko buru Antonio Basagoitiren ustez, ordea, bestelako espetxe politika bat izatekotan, ezker abertzaleak «eragin duen sufrimendua onartu eta ETAk armak utzi dituela bermatu» beharko litzateke.

Radio Euskadiri egindako adierazpenetan, EAEko PPk Rajoyri sostengua emango diola nabarmendu du Basagoitik. «Eta Rajoyk leialtasun instituzionalez jokatuko du lehendakariarekin, ez Zapaterok egin duen moduan».

«ETAk egindakoa ez zegoela gaizki edo helburu politikoak lortzeko balio izan duelako ustea gelditzen bada euskal jendartean, beldur naiz ez ote den indarkeriaren idealizazioa gertatuko eta datozen urteotan berriro indarkeria erabiliko duten pertsona edo taldeak ez ote diren sortuko», gaineratu du Basagoitik.

Sarkozyri lepokoa

Bestalde, Errepublika frantseseko presidente Nicolas Sarkozyk Urrezko Ardi-Larruaren ordenako lepokoa jasoko du Juan Carlos Borboikoa errege espainolaren eskutik, «ETAren kontrako borrokan eman duen laguntza» eskertzeko. Urrezko Ardi-Larrua 1429an sorturiko zalduneria-ordena da.

Sarkozy ordena horretako zaldun izendatzeko argudioen artean, «Frantzia eta Espainiaren arteko laguntasuna» aipatzen du Borboikoak. Halere, sariak «terrorismoaren aurkako borrokan izan duen laguntza eta konpromisoa» eskertu nahi duela esan zuen Gobernu espainoleko eledun Jose Blancok.

Horrekin batera, Madrilek ETAren aurka aritu diren epaileak eta poliziak saritu zituen atzo, Zapateroren Gobernuaren azken bileretako batean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo