Berdaitz Juaristi Irure | Arrigorriaga
Nafarroa, anaia zaharra
Benito Lertxundik «Erribera» kantuan dei egiten dio Nafarroari, maitasunez eta errespetuz jantzitako hitz gozoak erabiliz. Gazteluak erreinuen adierazgarri ziren antzinako garai horiek eguneratuz, memoria baita etorkizunaren sehaska, Iparraldeko ikastolek ongi ikasi duten legea.
Gaurko Nafarroan, UPN eta PSOE dira memoriaren kudeatzaile, naipezko gaztelu horretan ezkutatuta. Zirrikitu batetik beldurrak dario ordea, odolak zauri sakonetatik bezala. Aise higatuz doan zirrikitua, euskararen haize baketsuak jota.
Barcinak zuloa konpondu nahian, Rajoiri kezkatuta dei egin dio eta igeltsero lanetan hasi dira biak, porlana nola landu behar duten ahaztua, Espainiako erreinua bateratua mantentzen duen porlan bera erabili nahian. Hala ere, badaezpada, osagai berri bat probatu dute, konstituzio eraldaketaren bitartez bi anaiak aldendu nahirik.
Anaia gaztearentzat beti izaten da eredu anaia zaharra, baina guraso izatera jokatzen dabiltzala Barcina eta Rajoik urratu egin nahi die elkarrekin jolasteko zentzuzko ohitura hori. Telebistan, PPren kanpainako ekitaldi batean, Rajoi bekokian ume bat musukatzen ikustean, Judasek Jesusi emandako musua datorkit burura, Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoko musua merke saldu baitu.
Nafarroa, une gogorrak dituzu egun, baina Kantauri itsasoan jaiotako haizeak laztandu zaitzala. Izan bedi anaia zaharrari eskainatako anaia gaztearen arnasa. Bitartean ekingo dugu, antzina Amaiurren izan zirenen ondorengoak garela euskaldunak, alzheimerdun Barcinatarrek ukatu arren.