FRANCISCO JAVIER CASTRO GONZALEZ. Administrazioan Euskaraz taldea
D eredua eremu «ez-euskaldunera»
Administrazioan Euskaraz taldeak bere jarrera azaldu nahi du Nafarroako Euskararen Legea aldatzeko Ezkerrako talde parlamentarioak aurkeztutako proposamenaren aurrean.
Proposamenak irakaskuntzaren inguruko artikuluak batzea nahi du eremu mistoari eta «ez euskalduna»-ri dagokienez.
1. «Euskara irakaskuntzan sartzea mailaz maila, gero eta gehiago, eta nahikotasunez eginen da, ikastetxeetan eskatzen dutenendako euskarazko irakaskuntza duten ereduak sortuz».
2. «Hezkuntza maila ez-unibertsitarioetan euskara irakatsiko zaie nahi duten ikasleei, eskolatzearen bukaeran euskararen ezagupen nahikoa izan dezaten».
3. «Euskararen irakaskuntza botere publikoek bultzatua izanen da, eta hala behar izanez gero, haiek osoki edo partzialki finantzatua, sustapen eta promozio irizpideei jarraikiz eta eskariaren arabera».
Artikuluen berrantolaketa honekin erdietsi nahi dena da D eredua zabaltzea eremu «ez euskaldun»-eko irakaskuntza publikora, eskaera nahikorik baldin badago (eremu mistoan gertatu den bezala). Aspaldiko asmoa da eta sektore euskaltzale anitzek eskatua. UPNren eta HBren blokeoarekin oztopatu zen aldaketa hau 1995. urtean. Harrigarria HBren hanka sartzea! 2008an, batez ere asmo horrekin eremu mistoa zabaltzea planteatu zen. Orduan UPNk, CDNk eta Nafarroa Baiko parlamentari baten oporrek euskarazko irakaskuntza zabaltzea galarazi zuten. Bada garaia euskarazko irakaskuntza publikoa Nafarroa osora hedatzeko.
Espero dezagun Bilduk, Nafarroa Baik eta PSN-PSOEk Ezkerraren proposamena onartzea eta behingoz aspalditik desiraturiko aldaketa gauzatzea.