«Herri gisa» jarduteko proposamen egokia
Amaiur osatzen duten lau indar politikoetako ordezkariek azaroaren 20ko hauteskunde osteko egoeraz hausnarketa egin zuten atzo, eta argi utzi zuten asmo eraikitzailearekin joango direla Madrilera, konponbide demokratikoaren aldeko mezua hedatzera eta Euskal Herriaren eskubideak defendatzera. Alde horretatik, ezker abertzale, Aralar, EA eta Alternatibako ordezkariek herri honen eskubideak aintzat hartzen dituzten indarren ordezkaritza Kongresu espainolean inoiz baino zabalagoa izango dela nabarmendu zuten, eta bide horretan ganbera horretan alderdi-interesak alde batera utzi eta herri gisa hitz egiteko eta jarduteko deia egin zuten. Izan ere, Amaiurrek, EAJk eta Geroa Bai-k boza eman zuten herritarren gehiengoa ordezkatzen dute, eta oso aukera ona daukate euskaldunon eskubideak ukatzen dituzten estatuetako baten bihotzean eskubide horien alde indar egiteko. Beraz, egokia da atzo Amaiurreko ordezkariek egin zuten proposamena eta herri honentzat onuragarria izango litzateke erantzuna ildo beretik joango balitz.
Gobernu espainolak, egungoak bezala baita etorkizunekoak ere, ardura handia dauka konponbide prozesuaren bilakaeran, baina Mariano Rajoiren exekutiboak askoz zailago izango du ardura horri uko egitea euskal alderdiek norabide berean bultza egiten badute.