GARA > Idatzia > Kultura

Izen berezien gaineko ipuinak idatzi ditu Juan Modesto Arrietak, beretik abiatuta

Bi opera prima aurkeztu zituen atzo Ereinek: Juan Modesto Arrietaren «Izen bereziak» eta Eneko Aizpuruaren «Errauts». Aurrenekoa ipuin liburua da eta izenak ez ezik, izan bitxiak biltzen ditu. Egilea bera ere atipikoa da, 50 urterekin ekin baitzion istorioak idazteari, eta orain, erretiratu ondoren, izan baitu denak lan batean elkartzeko aukera. «Errauts» nobela beltza, bestalde, Lazkaon hasten da, magrebtar gizon bat labankadaz hilda agertzen denean.
p042_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Iñaki Aldekoa Ereineko editoreak argitu zuenez, «Izen bereziak» opera prima bada ere, egileak, Juan Modesto Arrietak, aspalditik idazten du eta sari garrantzitsuak irabaziak ditu bere ipuinei esker; Donostia Saria, adibidez. Orain, liburua osatu du hamaika ipuinekin. Horiek hamar urteotan idatziak dira, eta denetarikoak izan arren, lokarri bat dute: izen eta izan bereziko protagonistak dituzte.

Idazlearena berarena da lehendabiziko izen bitxia eta hitzaurrean kontatzen ditu horrek txikitatik ekarri dizkion arazoak. Jaiotzez Juan Modesto izanik, etxean beti horrela deitzen zioten; arrebak, ordea, Juanmo sortu zuen biak batuta eta eskolan Modesto gailendu zen. Izen desberdinekin, nortasun ezberdinen jabe ere bazela iruditzen zitzaion, Gabriel Arestik idatzi zuen bezala, izena izana delako.

Soldaduskan are gehiago korapilatu zen kontua, Juan zelako izen ofizial bakarraren arabera. Geroago, gerra garaiko pertsonaia historiko batek ere Juan Modesto izena zuela jakin zuenean, jo eta ma gelditu zen, ez zuelako izen hori zuen bertze inor ezagutzen.

Bere izenaren gibeletik, bertze hamaika ageri dira liburuan: GAFI, «putakume bat besterik ez» dena; Mark Danel disko-jaurtitzaile olinpikoa, banketxe bateko lapurreta antolatzen duena; Danis Etxegoiti, natura hilen margolaria, bere koadroetan oinarrituta istorio harrigarriak asmatzen dituena...

Kazetaria, hilketa bat ikertzen

Gizon magrebtar bat labankadaka hil dute Lazkaon eta abokatu batek krimena argitzeko eskatu dio Mikel Egileor kazetariari. Honek, egunkariko lanpostua galtzear denez eta diru arazoak dituenez, berehala onartuko du mandatua eta ikertzen eta ezkutuko interes zikinak azaleratzen joanen da. Hala hasten da «Errauts»-en istorioa. Egileak, Eneko Aizpuruak, betidanik izan du atsegin nobela beltza, eta genero hau egokia iruditu zaio bere lehendabiziko liburuan jorratzen duen gairako.

Adierazi zuenez, kazetari baten esku jarri du ikerketa komunikabideen inguruan hausnartzeko bidea ematen ziolako eta kazetarien berriak emateko moduak eragina duelako gizartean.

SUTEEN HARIRA

Duela zenbait urte, Gipuzkoan, etorkin adingabe batzuek su eman zieten egoitzei eta polemika sortu zen. Orduan hasi zen Eneko Aizpurua orain ere pil-pilean den gaia lantzen.

Sinbolismoz beteta itzuli da Amaia Iturbide poeta

«Eszenatokietako aztarnak hasten direnean» seigarren poema liburuarekin bueltatu da Amaia Iturbide, «Labirintoaren orduak» kaleratu zuenetik hiru urtera, oraingoan ere bide «anitz eta abartuetan» barna, halakoak interesatzen baitzaizkio idazle bilbotarrari. Sinboloz beteta dago lan berria: ura, sua, kaleak, mendia, katua, hontza... Eta elementu hauek «egunerokoari atxikita» daude, hasieran jorratzen zuen sinbolismo mugagabetik urrun. Antzerkia eta pertsonaia paradoxikoak, euskal mitologia pop artearekin eta komikiarekin lotuta, Mikel Laboari edo Xabier Leteri egindako eskaintzak... eta anitzez gauza gehiago jasotzen ditu obra honek. M. I.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo