Mansfield-en eta Ionescoren lan banarekin inauguratu du Elkarrek Urrezko Biblikoteka
M. I. | DONOSTIA
Aspaldi literatura unibertsaletik euskarara ekarritako obra garrantzitsuak eguneratu, orraztu eta berriro argitaratzeko asmoz jaio da Urrezko Biblioteka, Elkarren, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea (EIZIE) eta Lakuako Kultura Sailaren lankidetzaz. Atzo aurkeztu zituzten aurreneko bi liburuak: Katherine Mansfield-en «Lorategiko festa» (The Garden Party) eta Eugene Ionescoren «Emakume abeslari burusoila» (La Cantatrice Chauve). Hogei obra behintzat argitaratzeko lanean ari direla adierazi zuten.
Jon Muñozek euskaratu du «Emakume abeslari burusoila». Azaldu zuenez, Ionescorentzat, XX. mendeak eman zuen antzerkigile famatuenetakoarentzat, bizitza bera «adar-jotzea zen, zentzugabea, absurdoa» eta giza izatearen absurdo hori adierazteko antzerki absurdo hau sortu zuen. Senar-emazte bat eta bisitariak ageri dira barrualde «ingeles» batean solasean: neskamea, suhiltzailea, baita ordulari hitzontzi bat ere.
Itzultzaileak abisatu zuenez, «liburu hau zentzugabea da», erranen dute irakurleek, baina kontakizunean harrapatuta gelditu direla konturatuko dira. Bestalde, «Lorategiko festa» XX. mendearen hasierako emakumeen egoera hobekien jaso zuten idazleetako batena da, Katherine Mansfieldena. Anton Garikano itzultzaileak egile hau markatu zuten faktoreetako batzuk aipatu zituen: alde batetik, jatorria. Zeelanda Berrikoa zen. Izugarri maite zuen bere herria, baina hango bertze hainbat bezala, Britainia Handira begira bizi zen eta azkenean arrotz sentitzen zen bai leku batean bai bertzean. Bigarren faktorea osasun arazoak izan ziren, eta sentitzen zuen hutsunea, bilatzeko beharra. Bere pertsonaiek ere ezaugarri hauek dituzte.