Euskal presoen eskubideen aldeko lanean inplikatzera dei egin diete herritarrei
Egin Dezagun Bidea-ko kideek atzo Bilbon emandako prentsaurrekoan, euskal presoen eskubideen alde egitera dei egin zieten herritarrei. Bizkaiko herri bilguneetan parte hartzeko eta abenduaren 5ean Durangoko Azokan egingo den manifestaldira joateko eskatu zieten.
Jon ADAN | BILBO
Egin Dezagun Bidea euskal presoen eskubideen alde lan egiten duen taldeko kideek agerraldia egin zuten atzo Bilbon. Bertan presoen eskubideen alde egiteko eskatu zieten herritarrei; alegia, modu aktiboan jardutera dei egin zieten.
Horretarako, batetik, Bizkaian antolatzen ari diren herri bilguneetan parte hartzeko deia egin zuten. Herri bilguneak presoen aldeko mugimendu parte hartzaile eta dinamikoak dira, era guztietako ekarpen eta pertsonentzat ateak zabalik dituztenak. Bigarrenik, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan «Amnistiaren bidean, kaleak bete, kartzelak hustu» lelopean abenduaren 5ean, astelehenean, 18.30ean Landakotik abiatuko den mobilizazioan parte hartzeko deia egin zuten.
Hori guztia plazaratu baino lehen, euskal preso politikoek bizi duten egoera aztertu zuten, Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoaren konponbide prozesuan duten garrantziaren aipamena eginez. Zentzu horretan, munduan zeharreko gatazken konponbide prozesuetan, preso eta iheslariek izan duten garrantzia gogorarazi zuten, eta Irlandako nahiz Hegoafrikako kasuetan preso eta iheslarien parte hartzea ezinbestekoa izan zela baieztatu zuten.
Bestalde, egun indarrean dagoen espetxe politikak «oinarrizko eskubideak» ukatzen dituela esan zuten. Alde horretatik, hainbat jarrera salatu zituzten, hala nola ezarritako zigorrak bete ondoren presoak espetxean mantentzen dituztela, sakabanaketak istripuak eragiten jarraitzen duela eta gaixotasun larriak dituzten presoak giltzapean dituztela.
Txus Martinen egoera
Horren harira, egungo espetxe politikaren adierazgarri den Txus Martinen egoera, Basauriko preso politikoaren kasua, salatu zuten, gaixotasun larria badu ere espetxean jarraitzen duela-eta. Egoera hori «ulergaitza» dela nabarmendu zuten «gaixotasun larria sufritzen ari den pertsona bati, ezin baitzaio bizirauteko beharrezkoa duen tratamendua ukatu».
Aldi berean, «egun indarrean dagoen mendeku politika heriotza politika bilakatzea» onartezina dela adierazi zuten. Horregatik, Txus Martinen eta gaixorik dauden gainerako preso guztien «baldintzarik gabeko berehalako askatasuna» exijitu zuten.
Azkenik, presoen egoera bidegabeari aurre egiteko, herritarren parte hartzea ezinbestekoa dela berretsi zuten, eta horrenbestez, arestian azaldutako bi ekimenetan parte hartzeko deia egin zioten euskal gizarteari.
Bizkai osoan herri bilguneak antolatzen ari dira. Euskal presoen aldeko mugimendu parte hartzaileak dira, askotariko ekarpen eta pertsonentzat ateak zabalik dituztenak. Horietan parte hartzeko eskatu zieten herriarrei.
Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan, «Amnistiaren bidean, kaleak bete kartzelak hustu» lelopean abenduaren 5ean, arratsaldeko 18.30ean, izango den manifestaldira joatera deitu zuten.