Joxemari Carrere Ipuin kontalaria
Adi! Tiiiinko!!
Kontaketa saioetan izandako pasadizoak elkarri kontatzen ari ginela, Kolonbiako lagun batek nik entzundako bitxienetako bat eskaini zigun. Behin armadako kuartel batera deitu omen zuten ipuinak kontatzera. Egun eguzkitsua eta bero sargoria. Kasernako patio handi batera eraman zuten, han prestatu baitzuten egun horretarako ekitaldien espazioa.
Heldu zenean, soldaduak ilaratan jarriak zeuden, zutik eta tinko eguzkipean.
Militar arduradunak eszenatokia seinalatu zion eta soldaduekin ez arduratzeko argitu zion, ez zirela mugituko, eta isilik egonen zirela. Nonbait, aurreko gauean egindako parranda itzelagatik zigortuak zeuden, horregatik zeuden formazioan, ezin mugiturik. Eguzkipean. Ordubeteko saioa, eszenatokiko itzalpean bera, soldaduek zutik eta tinko jarraitzen zuten kiskaltzen; eta isilik, jakina. Saioa amaitu, eta ez txalorik ez ezer. Militar arduradunak agindutakoa ordaindu zion eta lagunak, harridura gainetik ezin kenduz, alde egin zuen. Bere saioaren ostean antzerki emanaldia zegoen, soldaduek zirkinik egin gabe jarraitu zutelarik. Guztiok bat etorri ginen soldadu horiek ipuinzaleak ez zirela inoiz izango.
Ohikoa da pentsatzea ipuinak entzuteko isilik egon behar dela. Institutuetan ere ipuin saioa hasi aurretik isilik eta geldirik egoteko agintzen diete ikasleei. Zorrotzegi askotan. Eta ipuinak kontatzen hasterakoan publiko gazteak nahi edo nahi ez entzun behar ditu zuk esan beharrekoak. Helburu nagusia orduan, zu eta ipuinak ez gorrotatzea izan ohi da. Ez ote dute kuartelek eta ikastetxeek antz handiegia askotan? Ipuinak kontatzerakoan behintzat.