GARA > Idatzia > Ekonomia

Heziketa Bereziko aurreakordioa bete ezean, mobilizatzera deituko du LABek

Sindikatuek eta Lakuako Hezkuntza Sailak irailean sinatutako aurreakordioa aldatu duela-eta, Celaa buru duen sailak negoziazio kolektiborako eskubidea urratzen duela salatu du LABek. Hitzarmena errespetatu ezean, mobilizatzera joko duela ohartarazi du sindikatuak.

p024_f01.jpg

GARA | BILBO

«Isabel Celaak zuzentzen duen Hezkuntza Sailaren zintzotasun falta» salatu zuten atzo LABeko Hezkuntza Berezi arkoko ordezkariek. Izan ere, joan den irailaren 14an Lan-legepeko Hezkuntzako Langileen Hitzarmen Kolektibo berri baterako akordioa sinatu zuten Lakuako Hezkuntza Sailak eta Heziketa Bereziko sindikatu guztiek (LAB, ELA, STEE-EILAS, CCOO); LABen esanetan, Celaak gidatutako sailak aurreakordio hori urratu du Negoziazio Mahaira beste proposamen bat eramanez. Gauzak horrela, Hezkuntza Sailak irailean adostutako aurrehitzarmena errespetatu ezean, mobilizazioetara joko duela iragarri zuen LABek.

Txomin Lorca LABeko Zerbitzu Publikoetako Federazioko kideak azaldu zuenez, irailean sinatutako aurreakordioak Heziketa Bereziko langileentzat «historikoak» diren bi puntu biltzen ditu. Batetik, hezitzaile espezialisten jarduna 37,5 ordutan finkatzea ezartzen zuen, oraingo 45 orduko lan asteak baztertuta. Bestetik, lanpostu zerrenda handitzea aurreikusten zuen, azken bost urteetako matrikulazio kopuruaren igoerari erantzuteko. Hitzarmenak eskaera gehiago jasotzen zituen. Besteak beste, ordezkoak diren langileek 165 lan egun beteta uda kobratzea, 100 lanpostu baino gehiagoko eskaintza publikoa egitea edota langileen formakuntzarako aukerak zabaltzea.

Hezkuntza Sailak aurkeztu duen hitzarmen berriak, aurretik adostutako zenbait puntu urratzen dituela salatu zuen Lorcak. Horrela, testu berriak 45 orduko lan asteak egiten jarraitzea ahalbidetzen duela azaldu zuen. Era berean, 35 orduko lan astea duten kategorientzat jardun luzeagoak egitea ekarriko luke.

Lanpostu zerrendari dagokionez, 2014ra arte izozturik mantentzea proposatzen du testuak. Uda kobratzeari eta euskara eskakizunari dagokionez ere aurreakordioa urratzen duela adierazi zuen Lorcak.

LABeko kidearen hitzetan, Hezkuntza Sailak irizpide aldaketa horiek onartzera behartu nahi ditu langileak, eta jarrera aldatzeko eta sinatutakoa errespetatzeko inongo asmorik ez duela erakutsi gaineratu zuen. Ildo horretan, «errespetua eta konfiantza» edozein negoziaziotan «zutabe» direla adierazi zuen. Celaaren sailari hitzartutakoa ez betetzea leporatu zion Lorcak eta emandako hitza betetzera dei egin zion, gainerakoan, mobilizatzera joko dutela ohartarazita.

sinesgarritasuna

Hezkuntza Sailak aurkeztu duen testu berriak negoziazio eskubidea urratzen du, LABen iritziz. Administrazioaren sinesgarritasun faltaren adierazletzat jo du hori sindikatuak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo