Top 14
Premiaz jositako derbia jokatuko da Agileran
Biarritz sailkapeneko azkeneko postuan dago, partida bakarra irabazita. Gaur galtzen badu, bere egoera asko okertuko litzateke. Aviron ere ez dabil ongi, baina azkeneko garaipenek indar handia eman dio.
Jon LEUNDA
Iritsi da ordua. Gaur 20.45etik aurrera Biarritzek eta Avironek denboraldiko lehen derbia jokatuko dute Agileran. Orain hiru aste jokatu behar zuten Anoetan, baina orduan bertan behera geratu zen, eta gaur iluntzean neurtuko dituzte indarrak.
Denboraldia hasi aurretik, aurten bi taldeak goiko muturrean ibiliko zirela aurreikusten zen, baina lehen zatiaren parterik handiena egina dela, gauzak bestelakok dira. Biarritz sailkapeneko azkeneko postuan dago, partida bakarra irabazita eta salbazioa zazpi puntura duela. Aviron zertxobait hobeto dago, une honetan bederatzi puntu kentzen baitizkie zuri-gorriei; hala ere, espero zena baino askoz ere apalago dabil. Gaurkoa premiaz jositako derbia dela esan daiteke, eta ondorio larriak utz ditzakeena.
Biarritzek galtzen baldin badu, mailari eustea gero eta zailagoa jarriko zaio, nahiz eta salbazioa zazpi puntura izaten jarraituko duen. Animo aldetik hartuko duen kolpea, berriz, handia izango litzateke. Gainera, talde handiak ez daude behean egoten ohituta, eta hor sartzen badira, ateratzea ikaragarri kostatzen zaie. Avironek, aldiz, aurrealdeko postuetara hurbiltzeko pausoa emango luke. Biarritzek irabaziko balu, berriz, ez litzateke jaitsierako postuetatik irtengo, baina azkenekotik ihes egingo luke, eta indar handia hartuko luke. Avironek, aldiz, dagoen lekuan jarraituko luke, baina arriskuan dauden taldeak oso gertu dituela.
Jokalariei dagokienez, Biarritzek gaurkoan ere ezin izango du Yachviliren lanaz baliatu. Zuri-gorrien jaurtitzailea ezinbestekoa da hamabostekoan. Bere hutsunea ikaragarri nabaritzen du taldeak, ez aurten bakarrik, baita aurreko denboraldietan ere, eta gakoetako bat hori izan liteke. Horrelako partidetan entsegu asko ikustea oso zaila izaten da, eta jaurtiketak asmatzea ezinbestekoa bihurtzen da.
Alde horretatik, Avironek Boyet dauka, eta une honetan, gainera oso joko bolada onean dago. Joan den ostiralean berak egin zituen zuri-urdinen puntu guztiak, eta denak ostiko bidez. Gaurko partidan ere erabakigarria izan daiteke, eta atzoko lan saioan ere jaurtiketak lantzen jardun zuen.