GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

GARAI BERRIA EUSKAL HERRIAN

«Blokeoa gainditzeko berme bakarra herritarrok gara»

p002ONA_f01.jpg

Aurore Martin

Batasunako militantea

Bai berak bai bere gisan euroagindupean dagoen Josu Esparza txantrearrak datorren larunbateko manifestaldian parte hartuko dutela jakinarazi dute. GARAk militante abertzalea elkarrizketatzeko aukera izan du. Karrikara ateratzea eta,   «prozesu demokratikoaren bermea diren heinean», eragile eta herritar oro aktibatzea premiazkoak direla nabarmendu du.

GARA | BAIONA

Larunbateko manifestazioan izango dela iragartzeko erabakia nagusiki bi arrazoik bultzatuta hartu duela esan du Aurore Martinek, azken asteetan testuingurua markatu dutenetako bi, hain zuzen: «Manifestazio hori biziki inportantea dela iruditzen zait. Nahiz eta oraingoz prozesua alde bakarretik bultzatzen ari den, mobilizazioa kontestu berri horretan kokatzen da, bi ekimen garrantzitsuen -Aieteko Konferentzia eta ETAren agiria- ondotik datorren ekimena baita. Bietan Estatu frantsesa zuzenean interpelatua izan da, eta hori iraganeko prozesuetan ez zen argi azaltzen edo ez zen aipatu ere egiten. Berritasun inportantea da».

Batasunako militantearen ustez, bi eginkizun ditu arratsaldeko lauretan Baionako Euskaldunen Plazatik abiatuko den manifestazioak: «Bata Parisek dei horri erantzun diezaion presio politikoa egitea eta, bigarrena, Ipar Euskal Herrian ere ate bat irekitzeko, mobilizazio gaitasuna erakustea. Donostian parte hartu zuten eragileei Konferentziatik at engaiamendu handiagoa eskatu zaie, baina biztanleek, eragile politiko, sindikal eta sozialek ere berena erakutsi behar dute. Ni, herritar eta militante gisa, une politiko honen garrantziaren aitzinean, han izango naiz».

Mauletarrak badaki atxilotua izateko arriskua duela, baina ez zaio iruditzen une honetan arrisku hori handiagoa denik: «Badira hilabeteak ni atxilotzeko agindua mahai gainean dela eta edozein momentuan gerta liteke. Ez diot beldurrik atxiloketari eta, gertatuko balitz, berriro ere agerian geratuko litzateke Frantziak inplikazio zuzena duela gatazkan».

Alta, Estatu frantsesaren diskurtsoan ez da aldaketarik sumatzen, «espainolen afera» dela eta «han egiten diren urratsen arabera» beraiek ere «mugituko» direla diote behin eta berriro. Martinen iritziz, «Estatu frantsesak ez du neurtzen egin diren urrats historikoen tamaina». «Arduragabekeria itzel» horretan kokatzen du, baita Estatu espainola ere.

Bere esanetan, Parisek, Espainia «estakurutzat» hartuta, ukazioaren bidean segitzen du, temati: «Estatu frantsesak Madrilen estrategia jarraituko duela dioen arren, badu estrategia propioa. Hemen gatazka politikoa dagoela ukatzea, alegia. Jarrera horrek ez du eboluziorik izan azken urteotan, hemengo aldarrikapen politiko eta instituzionalen inguruan beti postura berari eusten dio. Parisentzat errazagoa da hemen arazorik ez dagoela esatea, Ipar Euskal Herriaren errekonozimendu minimo batek, nolabait, herri existentzia bat aitortuko ligukeelako. Helburu zehatza du Estatu frantsesak: gu herri gisa desagerrarazi eta estatus minimorik ere ez izatea».

Elkarlanaren fruitua

Estrategia horrek Ipar Euskal Herriko zenbait eragile edota hautetsirekin talka egiten duela bistakoa dela dio Martinek. Aieten izan zirenez gain, beste batzuk ere badira sakonean dagoen arazoari heldu behar zaiola pentsatzen dutenak, baina horien Parisko buruzagiek ez dituzte entzuten. Jarrera «arduragabe horretan larriena da hemengo ordezkari politiko asko, bertako errealitatea ezagutzen dutenak eta nahitaez gatazka edo bere ondorioak bizi dituztenak ez dituztela aintzakotzat hartzen. Eta hori alderdi bate- koak edo bestekoak izan gertatzen da. Tarte izugarria dago hemen bizi dugun eguneroko jarduera politikoaren eta Parisen kudeatzen dutenaren artean».

Bere irudiko, politikari edo militante horien «ariketa logikoena» beren alderdi edo erakundeetan presioa egitea litzateke, are gehiago Donostian presente izan zirenen aldetik.

Aurore Martinen kontrako euroaginduaren inguruan sortutako kolektibotik dator manifestazioaren deialdia. Elkarlanari esker, «eboluzio izugarria» izan dela deritzo mauletar gazteak: «Kolektiboko eragile aktiboenak jabetzen dira gatazka bat dagoela eta aterabide politikoa eman behar zaiola. Elkarlanaren fruitua da hori. Nire ustez, mugimendu abertzalean jakin izan dugu eremu zabalarekin lan egiten, azalpenak ematen, konfiantzazko harremanak eraikitzen, eta borroka sozial edo sindikalen bitartez, ezkerreko mugimendu batek ulertu du oinarrian arazo politikoa dagoela».

Kolektibo horretan ez dauden batzuengan ere, -Brisson eta Lasserre, esaterako- Martinek sumatzen du egungo momentu politikoa neurtzen dutela.

Bakoitzaren helburuak gorabehera, azken urteetan egin diren aitzinamenduak ukaezinak direla dio Martinek. Helburu politiko argia -konponbide politikoan inplikatzea- eskatzeko mobilizazioa antolatzea bere horretan urrats oso berritzailea izaki ere, zenbait eragilek egindako bidea nabarmendu du: «Adibidez, NPA-k egiten duen irakurketa politikoa oso urrun doa. Gogoan dut kantonamenduetako bozetan EHBaiko hautagai nintzelarik, NPA Alderdi Antikapitalista Berriko Zuberoako ordezkariarekin izandako elkarrizketan gatazkaren irtenbidea politikoa, autodeterminazio eskubidea eta antzekoak oso argi zituzten. Gure analisira gehien hurbiltzen direnak, jakina, ezkerreko alderdiak dira».

Alderdi eta eragileetatik harago, euskal gizarteak prozesuan duen paperaz galdetuta, Batasunako militantea ez da segur gizarteak ongi barneratua duenik tokatzen zaion zereginaren munta. «ETAk eta ezker abertzaleak berak errana dute herria dela konponbidearen bermea. Bat nator. Euskal herritarrok gara prozesua ongi ateratzeko berme bakarra. Seguru asko, gorabeherak, blokeo faseak eta abar izanen dira, batez ere, bi estatuen jarrerak ikusita. Horiek gainditzeko berme bakarra Euskal Herria da. Guk ez badugu gure boza entzunarazten, ez goaz inora».

Abertzale eta ezkertiarren zeregina harago doa, bere esanetan: «Ene ustez, orain da garaia, ez soilik karrikara atera eta Parisi aterabidean inplikazioa eskatzeko, militantzia guztiak aktibatzekoa baizik. Euskal herritar sentitzen den orok oso aktiboa izan behar du, bakoitzak bere esparruan, euskara mailan, euskal selekzioa eskatzerakoan, AHTren aurka borrokatzean... Aldarrikapen guztiak aktibatu behar dira, izan karrikan izan instituzioetan. Denek dute lotura komun bat. Estatu frantsesak sentitu behar du militantzia oso aktiboa duela parean. Dena ukatua zaigun arren, Euskal Herriaren alde behar diren urrats guztiak egiten ditugula agerian utzi behar dugu. Prozesu demokratikoaren baitan oso zentzuzkoak dira. Fase azkarrak eta apalak izango dira, jakina, baina orain prozesuari oihartzuna emateko azkarki aktibatu behar ditugu. Ez da soilik manifestaziora joatea, biharamunean ere jendeak bere ardurak hartu behar ditu, antolatuz eta proiektu abertzalea hausnartuz eta sakonduz.

ABren hautua

Ildo horretan, ABk larunbatean hartutako erabakiarekin «oso pozik» dela baieztatu du Martin. Bere iritziz, «hautu estrategiko logikoena ezker abertzalearen indarrak metatzearena da». Militanteek eta, oro har, abertzaleek nahi bera dutela gogora ekarrita, ABren erabakia ildo horretatik doala gaineratu du, eta biziki kontent azaldu da «ABko parte nagusi batek zein une inportantean sartzen ari garen eta zeren beharra dugun -proiektu komun argi bat eta indar metaketa- ulertu duelako».

Texto conjunto de electos: «Es hora de que los estados se muevan»

Electos diversos han unido sus voces en un manifiesto conjunto con motivo de la manifestación del sábado en Baiona. Figuran como firmantes Marie-Christine Aragon (consejera general de Baiona-este), Kotte Ezenarro (consejero general de Hendaia), Alice Leiciageçahar, Martine Alcorta y Monique de Marco (consejeras de Aquitania) y los electos municipales Christelle Cazalis (Hendaia), Yvette Debarbieux (Donibane-Lohitzune), Dominique Mélé (Urruña), Filipe Aramendi (Urruña), Luxi Oxandabarats (Gamarte), así como los alcaldes Alain Hiriart (Hiriburu), Christine Bessonart (Senpere) y Mixel Etchevest (Maule).

El texto conjunto hace suya la posición fijada por el grupo de Kofi Annan en Donostia y recuerda que »hasta ahora sólo ETA ha respondido positivamente. Nos parece que ha llegado la hora de que los dos estados se muevan, y como electos nos dirigimos a ellos para que se impliquen cuanto antes, de modo activo y positivo».

En consecuencia, plantean «una salida para los presos políticos», la legalización de las organizaciones prohibidas, el fin de la represión -con mención concreta a la euroorden- y el reconocimiento y compensación «a todas las víctimas». GARA

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo