GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Ana Perez, Egoitz Isasi STEE-EILAS sindikatuaren izenean

Haur etxeak versus haur eskolak

Ekimen honek aurrez aurre talka egiten du legeak orain urte batzuk ezarritako 0-6 urtera bitarteko ziklo hezitzaile honen ikuspuntuarekin

LOGSE legeak, 1990. urtean argitaratu zenean, izaera hezigarria eman zion 0-6 urtera bitarteko zikloari, alegia, etapa hezitzaile bezala definitu zuen. Honek bi ondorio ekarri zituen: ikastetxeetan bi urteko gelak orokortzea, eta 0-3 urtera bitarteko zikloaren plangintzarekin hastea, haur hezkuntzako etapa honetan zegoen gizarte eskaintzari erantzuna emanez.

Ziklo hezitzaile garrantzitsua den heinean, Hezkuntza Sailak haur eskola hauen sorrera bere gain hartzea zuzenena eta logikoena zen, baina formula nahasi baten aldeko apustua egin zen, Hezkuntza Sailaren eta udalen artean, Haurreskolak Partzuergoa sortuz. Modu honetan, 2003. urtean lehenengo 30 haur eskola jarri ziren abian.

Familien laguntzarako Instituzioen arteko Planak eskaintzaren %40a 2011rako bermatzea planteatzen zuen. Hau, egun, oraindik lortu ez den gauza da (%4,5 behetik), baina familien eskariei erantzuna emateko, haur-eskoletako plazak handitu beharrean, Gemma Zabaletak, Lan eta Ongizate Saileko arduradunak, gizarte osoari ezusteko ederra ematen digu (Hezkuntza Sailari eta Haurreskolak Partzuergoari barne) «Haur-etxeak» proiektuaren sorrerarekin, haur-eskolak proiektua bigarren planoan jarriz.

Proiektu hori iparraldeko herrialdeetan orain dela 35 urte martxan jarri zela argudiatzen dute. Hemengo ibilbidea orain dela 35 urte hasi bazen, txalotuko genuke agian, baina egungo errealitatea guztiz kontrakoa da: haur-eskolak ia hamar urte daramatza martxan, eta zerbitzuan hezitzaile profesionalek lan egiten dute, gutxieneko 2.000 orduko hasierako formazioa dutenak (Haur Hezkuntzako teknikaria), edo are gehiagokoa Haur Hezkuntzako maisu-maistrak badira. Haur-etxeen langileen formazioa, ordea, lau hilabetetan jaso duten 250 ordukoa da, eta «habia» hauen arduradunek, guztiak emakumeak, lau haur zainduko dituzte ondoko baldintzak bildu behar dituen pisu batean: pertsona bakoitzeko 8 m2 izatea (langilea barne), txizatokiak egotea, entxufeak babestuta izatea eta tximinia edo gas berogailuak ez izatea. Begiratzea besterik ez dago haur-eskolek bete behar dituzten baldintza eta araudiak, konparazioak ateratzeko.

Ekimen honek talka egiten du legeak orain urte batzuk ezarritako 0-6 urtera bitarteko ziklo hezitzaile honen ikuspuntuarekin. Haur hezkuntzako lehen ziklo honek umeen mugimenduaren garapena, gorputz oreka, komunikatzeko eta hizkuntzako lehen urratsak, balioak, jarrerak, bizikidetza sustatzeko trebetasunak eta abar landu behar ditu.

Zentzugabekeria honen aurrean STEE-EILASek salatu nahi du haur-etxe hauena haurtzaroan eskaini behar den kalitatezko hezkuntzatik oso urrun dagoen eredu zaharkitua dela, haurren zaintzaz arduratuko diren profesionalen kalifikazioari, instalazio baldintzei eta langile hauen lan baldintzei dagokienean.

Proposatu duten zerbitzu honek gizon eta emakumeen artean zaintza lanak era orekatuan banatzeko bidea zabaldu eta zerbitzu publikoa bultzatu beharrean, arlo pribatura zuzentzen du haurren arreta, amaren papera berriro indartuz.

Zabaletak haur eskoletan 2.000 plaza libre daudela esaten duenean tranpa egiten du, ez baitu aipatzen zenbat eskari gelditzen diren onartu gabe. Egia da, herrietan eta zona batzuetan plaza libreak daudela, baina aldi berean, hutsune larriak daude Bilbo eta Gasteiz hiriguneetan, non plaza bakar bat ere ez da eskaini hainbat auzuneetan. Isiltzen du ere plaza horien prezio garestia.

Nola da posible haur-etxe hauek arlo pedagogikoa bermatzea? Nola egongo dira haurrak zortzi orduz pisu horretatik irten gabe? Zer gertatuko da langileari zerbait gertatuz gero, nor arduratuko da haur horietaz? Non dago edo nork ezagutzen du hain «berritzailea» den ekimen honen funtzionamendu araudia eta plangintza pedagogikoa?

Etapa hau hezitzailea ere badela urteak daramagu aldarrikatzen, eta «Haur etxeak» izeneko proiektu honek alor asistentziala hori baino ezingo du, gehienez ere, bermatu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo