Ariane Kamio Kazetaria
Kultura politoxikomanoak
Euskaltzaleen artean topalekurik bada inon, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka da hura. Sortzaileen eta zaleen arteko feedback-aren plaza da eta izaera propioa garatu duen euskal kulturaren katedrala ere badela aitortu behar zaio.
Ezin Eliza Sainduarekin konparatu, baina hari bezala fededunen erritualak joarazten dizkio kanpaiak urtero Landako guneari; bizi, ospakizunen denboran eta geldo, dolu egunetan (iaz Xabier Leteren heriotzarekin gertatu bezala).
Krisialdiaren baldintzetara «ohitu» da Azoka azken urteetan eta mamuarekin elkarbizitzen ikasi du halabeharrez. Baina ez du fantasma horrek heriotzara zigortu, Azoka birziklatu egin baita eta egoera berrira egokitu. Elkarlanaren garrantziaz jabetu da eta mekanismo berriekin mantendu da den bezalakoxea, santutegi gisa. Euskal sorkuntzaren oraina salbu da eta ez da berehalakoan hilko, inoiz hilko bada.
Iragarpenez fidatzera kondenatuta gauden garaiotan, atzetik datozen belaunaldiek Landako gainera lainotzarrak edo ostarteak eramango dituzten asmatzea egokitu zaigu Durangora bidaian urteak daramatzagunoi. Bertigoz begiratzen diot geroak dakarkigun horri; amildegiaren ertzera ez ote goazen pentsatzen hasia naiz. Agian momentuko izua besterik ez da izango, baina izua bera da.
Hala dio Gotzon Barandiaranek egunotan hedabideetatik jasotakoaren inguruan: «Itoginez betea dugun teilatua konpontzeko ahaleginetan ari garen egunotan geure eskuetako harriak soberan daude» («Berria»). Azokako krisiari erreferentzia larregi komunikabideetan, salmahaietako eskaintzei egindakoak baino gehiago.
Euskal sorkuntzak kontsumitzeko politoxikomanoen «bizioak» jarraipena izango badu, teilatua konpontzen saiatzeaz gain, belaunaldi berriei nola egiten den erakustea ere badagokigu. Etorkizunean dago gurea den horren biziraupenerako giltzarria (krisiaz harago), baina maiteko al dute haiek guk bezainbeste fededunen komunitateko kide izatea?