GARA > Idatzia > Euskal Herria

AHTren kontrako hitzordu garrantzitsua izanen da ostiralean Mugerren

p014_f01.jpg

Idoia ERASO | BAIONA

Europako alferrikako egitasmoen kontrako egunaren karietara, ostiralean bilkura publikoa eginen dute Mugerren, Haiz Ondoan aretoan iluntzeko zortzietan. CADEk antolatu biltzar honek Euskal Herriko eta Landetako elkarte eta erakunde anitzen sostengua jaso du. Bertan laborari, hautetsi eta gazteek hartuko dute hitza kolektibo ekologistarekin batera.

Bilkuran parte hartzeko deialdi zabala egin dute, besteren artean, Euskal Herriko Laborantza Ganbarek, NPA Alderdi Antikapitalista Berriak, Biharko Lurraren Elkarteak, ATTAC mugimendu altermundialistak, LAB, ELB sindikatuak eta Biharko Hendaia talde abertzaleak.

Bilkuraren baitan gazteen parte hartzea bultzatuko duen hitz hartzea izanen da. «Bilkura horretan AHTren kontrako borrokan gazteen parte hartzearen aurkezpena izanen da», azaldu zuen Richard Lapeguek. «Gazteriari deia egin nahi diogu gure etorkizuneko lurraren defendatzeko borrokan engaiatzera», gehitu zuen.

AHTren kontra dauden hautetsiekin elkarlanean jarraitzen dutela erakusteko nekazariei ere emango die hitza CADEk bilkuran. Azkenik, sortu berri den Garraio Behatokiari buruz mintzatuko da CADE bera.

CADE Behatokiaren baitan badago ere gutxiengoa direla azpimarratu zuen kolektiboko bozeramaile Victor Pachonek. «Orain komunikazio kanpaina kutsatua hasi dute trenbide berria beharrezkoa dela sinetsarazteko», nabarmendu zuen. Gipuzkoako loturari dagozkion ikerketak 2016. eta 2017. urteen artean eginen direla azaldu zuen Pachonek. Aldiz, Baliotasun Publikoaren Adierazpena, hots, ikerketa guztiak bukatu ondoren ateratzen dena, 2013rako aterako dela jakinarazi zuen.

Garapena eta garraioa

RFF Frantziako trenbide sarea kudeatzen duen konpainia Behatokiaren baitan kanpaina «aldrebesa» egiten ari dela salatu zuen CADEk, eta horretarako garapen ekonomikoari eta merkantzien garraioari buruzko datu okerrak ematen dituela. Jose Lavictoire CADEko kideak adierazi zuenez, RFFk Estatu frantseseko eta espainoleko garapen ekonomikoaren inguruko datuak puzten ditu, trenbide berria beharrezkoa dela argudiatzeko. «Bi estatuetako kopuruak RFFk adierazten dituenak baino txikiagoak dira; beraz, horren gainean egiten dituen ikerketak ez dira zuzenak».

Datuak oinarri hartuta, Lavictoirek eskaera hau egin zuen: «RFFk kontuan hartzen dituen garapena eta trenen zirkulazioa okerrak dira eta, beraz, etorkizuneko datuak faltsuak dira. Berregin ditzan eskatzen diogu».

Merkantzien garraioari dagokionez, 2008ko datuen arabera %40ko gorakada aurreikusten zuen RFFk, baina geroztik %24 egin du behera, aurreikuspenen aurka.

Bestalde, abenduaren 11n ospatzen da alferrikako egitasmoen kontrako borroka eguna. Hendaiako Kartaren izenpetzetik abiatu zen egun horren sorrera, eta geroztik, Europa osoko 60 elkartek sinatu dute. Egun honekin bat eginez, Estatu frantsesean, Italian eta Alemanian ekintza ugari izanen da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo