Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka
Wikipediaren erraiak erakusgai Landakon
Wikipediak eta bere euskarazko bertsioak hamar urte bete zituzten atzo. Hori dela-eta, atzo Euskal Wikipedia hobeto ezagutzeko aukera izan zen Durangon antolatutako hitzaldi eta tailer maratoi baten bidez.
M. LARRINAGA | DURANGO
Ez ezazue pentsa Euskal Wikipediak lantalde handirik edo egoitza fisikorik duenik, Wikipedia denok gara eta. Bere hamargarren urteurrenean atarira informazioa igotzeari jendeak dion beldurra kendu nahi izan zioten Landako gunera hurbildu ziren hainbat ohiko erabiltzailek. Horietako bat Unai Fernandez de Betoño izan zen, unibertsitateko irakaslea egunez, eta Wikipediako erabiltzailea gauetan. «Edozeinek zuzen dezake akatsen bat edo informazio gehiago igo Wikipedian; «Aldatu» botoia sakatzean informazio hori gaurkotu eta ondoren «Gorde» botoiari emanda nahikoa da. Hori bezain sinplea da», azaldu zuen. Lehen pausoa kontu bat irekitzea da, eta hortik aurrera, nahi adina ekarpen egin daitezke.
Noski, atariak baditu langile finko gutxi batzuk, «administratzaileak». Baina horien botere bakarra artikuluak ezabatzeko daukaten aukera da. «Denok kontrolatzen dugu ematen den informazioa. Noski, errazagoa da batzuetan agertzen diren `perlak' aurkitzea hizkuntza txikietako Wikipediatan, parte-hartzaile gutxiago daudelako, denak baikara kontrolatzaileak. Masa kritiko bat egotea oso garrantzitsua da atariaren osasunari dagokionez. Haur bat sartzen bada eta, adibidez, idazten badu 'Mikeli Amaia gustatzen zaio' -halako tontakeriak askotan azaltzen dira ez pentsa-, halako gauzak ezabatzeko daude administratzaileak. Baina berez, eztabaida bat baldin badago eta horri buruzko bozketa egiten bada, beraien iritziek eta beste guztienak berdin balio dute. Wikipedia denok izan gaitezke, hori da funtsa», azaldu zuen Fernandez de Betoñok.
Euskarazko atariari dagokionez ez dago inongo egoitzarik. «Betiko arazoak dauzkagu administrazioaren bidetik, bost administrazio ezberdinetan banatuta baitaude Euskal Herriko herrialdeak. Eta gainera, ez garenez lanean hainbeste, ez dugu beharrezkotzat ikusi oraingoz. Hemendik bi urtera kide gehiago bagina, interesgarria litzateke Durangoko Azokan egin genuen ekimena bezalako beste batzuk egiteko elkarte bat sortzea», azaldu zuen.
Elkarte edo egoitzarik ez edukitzeak talde babesaren falta ere sufriarazi egiten die erabiltzaileei. «Gure arazoetako bat da ez dugula elkarterik eta, ondorioz, nik neure izenean hitz egin dezaket, ez Wikipediaren izenean», esan zuen. Hala ere, mundu mailan badago Wikipedia Fundazioa izeneko egoitza nagusia, guztia kudeatzen duena eta Floridan dagoena, eta orain herrialde ezberdinetan fundazio horren kapitulu antzeko beste egoitza txikiagoak ari dira sortzen. Argentinan badago bat, beste bat Alemanian, duela gutxi sortu dute bat Estatu espainolean...
Funtzionamendu ekonomikoari dagokionez, parte hartzaile guztiek boluntario moduan egiten dute, ez dute dirurik jasotzen artikuluak idaztearen truke. Hala ere, izan dira ordainketen truke idatzi diren artikuluen kasu berezi batzuk. «Oro har, parte-hartzea borondatezkoa da. Askotan dohaintzak eskatzen dituzte. Izan ere, ataria sortu zenean, ez zuten iragarkirik sartzea pentsatu» eta, ondorioz, diru-iturririk ez du Wikipediak. Baina dirua behar da, batez ere zerbitzariak mantentzeko, artikuluetan zehar topa daitezkeen argazki guztiek toki dezente okupatzen dutelako eta ordenagailu bat behar delako hori gordetzeko. Gainera, Floridako Fundazio horretan badira langile batzuk eta haien soldatak ere ordaindu egin behar dira. Hala, beharrezko diru kopuru hori guztia dohaintzetatik jasotzen du Fundazioak. Adibidez, Google-ek uste dut bi milioi dolar eman zituela iaz», azaldu zuen Fernandez de Betoñok.
Nola parte hartu?
Wikipedian parte hartzeko lehen pausoa kontu bat irekitzea da. Hortik aurrera atariak erabiltzen dituen kode berezi batzuk ikastea beharrezkoa da. «Html hizkuntzarekin baditu antzekotasun batzuk, eta horretan abila baldin bazara ziurrenik berehala ulertuko duzu honen funtzionamendua. Hala ere, lauzpabost gauza bakarrik dira, bost egunetan ulertzekoak, eta ez dira oso garrantzitsuak», aitortu zuen irakasleak. Erraztasun hori jendeari transmititu eta erakusteko, Azokan egun berezia antolatu zuten atzo, tailer eta hitzaldi batzuekin. «Gaurko helburuetako bat jendeak beldurra galtzea da. Hemen batzuk harritu egin dira zein erraza den ikustean».
Kode horrek idazkera mota ezberdinen artean hautatzen uzten du, edota zerrenda bateko zenbakien formatua hautatzen edo igo nahi den irudiaren ezaugarriak hautatzen.
Adibidez: idazkera etzana nahi badugu, «idazkera etzana» idatzi behar da, komatxo eta guzti, eta pantailan idazkera etzana agertuko da. Idazkera lodia nahi badugu, ordea, «etzana» ipini beharrean, «lodia» idaztea nahikoa izango da.
Bestetik, izenburuaren tamaina ere aldatu daiteke; handiena nahi badugu, ==1. mailako izenburua == idatziko dugu; edo === 2. mailakoa === edo ==== 3. mailakoa ====.
Zenbakidun zerrenda egin nahi izanez gero, *bat edo *bi idatzi beharko da, eta gero pantailan · bat edo · bi ikusiko da.
Artikulu batean zuzenketak egiten badira, #BIRZUZENDU [[artikuluaren izenburu egokia]] idatzi, eta izenburu zuzendua agertuko da artikuluan.
Hamar urtetan...
Ingelesezko eta euskarazko Wikipedia urte berean sortu ziren, 2001ean, hilabete batzuen diferentziarekin. Lehena urtarrilean eta bigarrena abenduaren 6an. DR Polilla ezizena zuen gizonezko bat izan zen euskarazko artikulu bat idatzi zuen lehena. «Lurra» izeneko artikulua sortu zuen, 21.59ean.
«Lehenengo bi urtetan ez zen ia aldaketarik egon, baina 2003an beste pertsona batzuk sartu ziren indar gehiagorekin eta, uste dut, bost urtetan artikulu asko egin zirela, hala ere, agian kalitateari ez zitzaion hainbesteko garrantzirik eman. 2008an, «Argia» sariarekin, bultzada polita jaso zuen proiektuak, jende gehiago erakarri zuen. Ea orain artikuluen kalitatean ere sakontzen dugun», adierazi zuen Fernandez de Betoñok.
Normalean idazketan parte hartzen duten pertsonak 40-50 inguru dira gaur egun, ez da kopurua gehiegi aldatu urte hauetan. Baina parte hartzaile askok noizean behin idazten dute. «Ikerketa batzuk egin izan dira eta erabiltzaileen profil tipikoa informatikaria, 25-35 urte bitartekoa eta gizonezkoa omen da. Baina denetarik dago». Horren adibide atzo Durangoko Azokako Kabi@ aretoa izan zen, emakumezko, gizonezko, gazteak... mota eta adin guztietakoak inguratu ziren azalpenak entzutera. «Nik ezagutzen ditudan gehienak mutilak dira, baina emakumeak ere badaude. Haurrak sartzen dira, erretiratu batzuk ere badaude...».
Durangoko Azokak Wikipediaren hamargarren urteurrena ospatu zuen atzo tailer eta hitzaldiekin. Jendeari parte hartzeko «beldurra kentzea» izan zen tailerraren helburua.
Atzoko Wikipedia maratoian 37 artikulu sortu zituzten parte hartzaileek, denetariko gaiak landuz: historia, pertsonaia... Egitasmoarekin, 107.000. artikulura iritsi zen euskarazko Wikipedia.
Euskal Wikipediak ez du egoitzarik oraingoz gutxi baitira ohiko erabiltzaile eta administratzaileak. Hala ere, etorkizun batean erabiltzaile gehiago izanez gero, elkarte bat sortzeko ideia buruan dute.