Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka
Azokak, egunik indartsuenean, Irudieneako ateak ireki ditu
Euskal sorkuntzaren plaza izatea du xede Durangoko Azokak, eta atzo pauso berri bat eman zuen bide horretan, Topagunearekin batera, ikus-entzunezkoei tokia egin eta Irudienea zabalduta. Ahotsenea, Kabi@ eta Szenatokia... ohiko topaleku izateaz gain kulturaren herri bihurtzeko bidean da Durango. Lehen bi egunak lasai-lasai izan den Landako erakustokiak ohiko zurrunbiloa berreskuratu zuen, ospatzekorik ezer baina jaieguna zuen jende-oldea jasota.
Anartz BILBAO | DURANGO
Landako lepo, erakustazoka zein plaza, musika nonahi -ozenegi sarri- eta tabernan zazpi mahai aurretik bazkaltzeko. «Azokako egun fuerte bat izan da gaurkoa, bi egun txarren ondotik», Inazio Mujika Iraola Alberdania etxeko editoreak agertu digunez. Susa argitaletxeko Gorka Arresek ere, «ondo doa» bota zigun, alboan Harkaitz Cano «Twist»-ean zela.
«Atzo arte, gure inpresioa da oso egun txarrak izan direla, konstatazioa hobeto esanda; astelehena okerragoa igandea baino, eta jendea erosteko amorrazio handirik gabe. Gaur Durangon urtero ezagutu dugun egun fuerte bat izan da... eta ea beste bat dugun oraindik, bukatu aurretik gelditzen diren bi egunetan -egin zuen eskaria Mujika Iraolak-. Jende askok esan digunez, aurten oso Azoka arraroa izan dugu data aldetik, jaiegun-lanegun-jaiegun-lanegun... eta batzuek hasieran eta besteek bukaeran egin dute zubia. Beraz, beharbada, inoiz ez bezala, azken eguna izan liteke egun fuertea», desioa botata agurtu genuen.
Bestalde, Txalaparta argitaletxeko editore Mikel Sotok «polita doa gaurko eguna -onartu zigun-. Atzo jardun makala izan zutela entzun diogu askori, baina, egia esan, guk ez genuen nabaritu, ondo samar joan zitzaigun. Eta gaur jendetza dago. Pentsatzekoa zen egun potenteena izango zela... manifa eguna, abenduaren 6a... Azokaren garai onenetan adinako mugimendua izan da». Esparzaren «Mapas para una nación» lana saldu eta saldu, Azokaren hasieran argitaletxeen aldetik psikosi puntu bat ere bazela onartu digu nafarrak.
Diskoetxeen gunean ere ez zen, atzo eta herenegun bezala, abiadura handiko igarobiderik, eta motel zebilen zalea, hara eta hona ikusmiran. Bidehutsen saltokitik kanpo aurkitu genuen Asier Zulueta Zulu, eta lanean egon ez arren, salmenta orrietan gurutze asko ikusten zituela onartu zigun. Rafa Ruedak, bestalde -«Enaren geometria» eman du autoekoizpenean- «gaur polito... eta behar zen!», bota zigun oihua, Mikel Urdangarin ondoan lanak sinatzen zuela.
Laburmira eta beste
Atzoko jardunak baina, salmenta politez gain, Irudienea gunearen estreinaldia jaso zuen. Gerediaga Elkarteak Topagunearekin elkarlanean kudeatua, txoko berria da Irudienea -Ahotsenearen antzeko formatuarekin-, euskaraz sortutako ikus-entzunezkoei irekia. «Euskaraz egindako lanak aurkeztu eta sortzaileei sarbidea eman nahi diegu. Euskarazko sorkuntzari sustapena eman, ikus-entzunezkoetan ere aparteko egileak ditugun arren, sarri ez ditugu-eta ezagutzen», aipatu digu Topaguneko arduradun Xaguk autobus aurrean, barruan paratu baitute Irudieneako zinema aretoa.
Egitarauari dagokionez, Topaguneak aspaldi lantzen duen Laburmiraren antzeko ekimena garatuko dute gaur eta bihar (atzoko irekieraren ostean). «Euskaraz landutako film laburrak hautatu ditugu... beti ere egileak aurkezle direla». Euskal taldeen bideoklipak ere izango dira, zuzendariek edo musikariek aurkeztuta. «Gainera, propio telebistarako egin duten `Bertsolari' filmaren bertsio laburra (52 minutukoa) estreinatuko du bertan Asier Altunak».
Bihar, kultura gonbidatua dela-eta, «galiziar lanen hautaketa bat ere izango da, euskarazko azpitituluekin. Tartean «Digna rabia», Frankismoan galiziar emakumeenganako errepresioari buruzko dokumentala, Saturraranen jasotako lekukotza eta guzti. Getxoko Gotzon Elorzaren 60ko hamarkadako lanak ere emango dituzte -euskarazko lehenak-, autorea bertan dela».
Aspertzeko betarik uzten ez zuen egitaraua eta jende saldoa Landako erakustokiko saltokietan kuxkuxean. Atzo egun indartsua izan zuen Durangoko Azokak, ohiko izan dituenen parekoa.