GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

DÍA DE LA CONSTITUCIÓN ESPAÑOLA

Independentzia aldarri, Durangon

Konstituzio espainolaren egunean, independentziaren aldeko Ordu Berdea ekimenak hartu zuen Durangoko Azokako plaza. Euskal kulturarentzat hain garrantzitsuak diren egunotan, kultura eta aldarrikapena uztartu zituzten ekimen honekin. Kantuan, bertsotan zein dantzan, arlo ugaritako pertsona ezagunek euren ekarpena egin zioten independentziaren aldeko aldarriari.

p005_f02_149x105.jpg

Jon ADAN

Independentistak sareko kideek independentziaren aldeko ekitaldia ospatu zuten atzo Durangon. Espainiar Konstituzioaren egunean, inposatutako jai espainola gaitzetsiz eta euskal kultura eta euskararentzat garrantzitsuak diren egun hauek aprobetxatuz, Durangoko azokako plazan, ekimen erreibindikatibo-kulturala egin zuten: Ordu Berdea; sareak kolore berdea baitu ikur eta jendeari berdez jantzita joateko deia egin baitzion. Horri erantzunez, ehunka pertsona bildu ziren aldarri horren inguruan.

Ekitaldiak, musika, bertsolaritza, literatura, sukaldaritza, eta dantza uztartu, eta arlo desberdinetako pertsonen ekarpenak jaso zituen. Itziar Ituño aktorea izan zen aurkezlea, eta hasierako irakurketan, ospakizunaren xedea aurkeztu zuen: Euskal Herriari demokrazia eta askatasuna ukatzen dizkion Konstituzioari aurre egitea, eta independentzia aldarrikatzea. «Inoiz baino beharrezkoagoa delako, arlo politiko, ekonomiko zein kulturalean», argudiatu zuen. Horren harira, bertan zeudenei sare independentistaren kide izateko deia egin zien.

Axular, Xaho, Lauaxeta...

Hasierako aurkezpenaren ondoren, Unai Elorriaga eta Eneko Abasolo bertsolariek agerraldia egin zuten. Bertsotan gaiaren inguruko hainbat arlo jorratu zituzten: 1978. urteko Konstituzioaren salaketa, espainiar eta frantziar estatuei kritika eta independentziaren aldarrikapena, besteak beste.

Bertsolaritzatik literaturara abiatuta, idazle eta historiagile Iñaki Egañak, antzinako euskal idazleen lanetako hainbat pasarte irakurri zituen. Axularrek 1643. urtean Euskal Herriaren inguruan idatzitakoa, edota 1808.urtean Agustin Xaho abertzaleak, ``Euskal Herriko Gazeta'-n', euskaraz egindako lehenengo astekarian, argitaratutakoa. Iñaki Egaña, abeslarien eta dantzarien ekitaldiak uztartuz, literatura lan berriak irakurtzen aritu zen.

Jarraian, musikaren txanda iritsi zen. «Konpromiso berdez» eta musika beltzarekin etorri ziren, Esne Beltza taldeko Xabier Solano eta DZ DJa. ``Sortzen'' eta ``Astindu'' abestiak kantatu zituzten.

Horren ondotik, Iñaki Egañak hartu zuen lekukoa berriro. Oraingoan, Esteban Urkiaga Lauaxetaren lanetako pasarte bat irakurri zuen, Euskal Herriaren eta ikurrinaren askatasuna eskatzen duena. Hori idazteagatik atxilotu zuten hain zuzen Lauaxeta 1937.urtean Gernikan, eta hilabete batzuk geroago Gasteizko hilerriko hormaren kontra fusilatu zuten frankistek.

Horren ondoren, Lain taldeko Kristinak eta Leirek bi kanta abestu zituzten, eta Tolosaldeko bost dantzarik ekimen horretarako propio prestatutako saio berezia eskaini zuten.

Atzera, Iñaki Egañak, historian jauzi handia eginez, Eustakio Mendizabal Txikiak 1967.urtean idatzitako poema irakurri zuen, gazteei zuzendutakoa, ez etsitzeko deia egiten duena. Musikarekin bukatzeko, Hesian taldeko Franek eta Zuriñek independentisten sarearentzat egindako ``Olatu berdea'' kanta abestu zuten.

Bestalde, gastronomia arloko ekarpena Puchero sukaldariak egin zuen; sagardoaz edo txakolinaz bustita dastatzeko «pintxo berdeak» prestatu zituen sukaldariak. Ospakizuna amaitzeko, Iñaki Egañak Telesforo Monzonen olerki bat irakurri zuen.

Itziar Ituño aurkezleak, «zorionak» eman zizkien, bestalde, Tuteran zezenaren gainean independentziaren aldeko aldarrikapenak egin dituzten ekintzaileei. Ekintza sinboliko horiekin, «Euskal Herriko demokrata guztien independentziaren argi berdea plazaratu dutelako» adierazi zuen. Arratsaldez, «Kalejira berdeak» eman zion amaiera mobilizazioari.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo