Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka
Produktu bakar eta iraunkorren balioa, erabili eta botatzeko kulturan
Seriean ekoitzitako produktu merkeak nonahi daude, «kontsumitu, kontsumitu» eskatzen diguten kultura batean bizi gara. Hala eta guztiz ere, artisaugintzak badu bere lekua eta jendea gero eta gehiago konturatzen da daukan balioaz. Hala azaldu digute Durangoko Azokatik hurbil, Azoka plazan dagoen Euskal Dendan.
Maider IANTZI
Arbasok antolatutako azokak hamaseigarren edizioa du. Urtez urte hazten joan da, eutsi egin die salmentei eta indartsu dago: berrogeita hamar bat artisau bildu dira, Euskal Herriko txoko guztietakoak, baita galiziarrak ere. Jose Piñeirok, adibidez, gaitak, zanfonak, castañolak eta bertze hainbat instrumentu tradizional egiten ditu. Jende ugari dabil postu inguruan, batez ere zanfonari buruz galdezka, ez baita hain ezaguna. «Biolin mekanikoa da, Erdi Aroan sortu zen eta asko erabili ondoren, ia-ia desagertu egin zen. Orain folk taldeek-eta asko jotzen dute, ordea; badago eskola», azaltzen die. Amaia Conde iruindarra egurra zizelkatu eta zizelkatu ari da, haur baten irudia osatzen, bisitariek nola lan egiten duen ikus dezaten. Prozesua hagitz mantsoa da eta «a ze pazientzia!» erraten dio jendeak. Pieza bakarrak dira eta balio hori transmititzen saiatzen da artisaua.
16 urterekin hasi zen egurra zizelkatzen, aitonak tresna txiki batzuk oparitu zizkionean (orduan handiak iruditzen zitzaizkionak). Klaseak eta klaseak hartu zituen, urte anitzetan, unibertsitatean Ekonomia ikasi eta ondotik ekonomialari lanetan ari zen bitartean. Eta egun batean, Euskal Dendako lemak dioen bezala, zaletasuna ogibide bihurtzeko urratsa ematera ausartu zen: «Nire tailerra, nire ogibidea, nire bizimodua», dio lelo honek.
Ez du egurra soilik lantzen, baina Durangora material hori ekarri du, gehien gustatzen zaiona delako. «Ideia bat lantzea eta sortzea atsegin dut: batzuetan maketak edo bozetoak egiten ditut egurra zizelkatu aurretik; bestetan, ideia hutsetik abiatzen naiz», azaldu digu. Bolumenak aztertuz egiten du lan eta obra bukatutakoan, ahotsa ematen dio irudiari eta bakoitzaren gibelean dagoen istorioa kontatzen du testu labur eta iradokitzaile bat idatziz.
Bernat Vidal harriarekin lan egiten duen artisaua da, eta Arbasoko presidentea. Eta azoka honen eta, orokorrean, euskal artisaugintzaren inguruan nabarmendu duen ideia bat emakumeen parte-hartzea da. «Igotzen eta egonkortzen ari da, eta horrek, beste gauza batzuen artean, sozializazioa dakar, emakumeek gehiago sozializatzen baitute gizonek baino. Tailer gehienak pertsona bakarrekoak dira, baina bikoak direnean beti egoten da emakume bat behintzat tartean».
Tailerrean zu bakarrik bazaude, dena zuretzat da, ona eta txarra, erratza pasatzetik marketineraino. Vidalek beti erraten du artisaua izateko funtzionario bat behar dela ondoan, hagitz zaila baita horretatik bizitzea, eta argitzen duenez, hori azaltzea ez da peioratiboa, erreala baizik. «Ez dugu beharrezko produkturik egiten; luxuzkoak dira, baina ez diruarengatik (ez baitira garestiak), ezta elite bati zuzenduta daudelako ere. Sozialki klase ertainarentzat sortzen du artisauak, filosofia ezkertiarra dauka. Dibertsifikatzen ez bada, horrek arrastatu egiten du, ordea».
Ofizio ugari ari dira desagertzen. Banakakoen eta taldeen lana aitortzeko Arbasok antolatzen duen Artetsu galan, adibidez, Mariano Santa Cruz saritu zuten joan den larunbatean, bizitza osoan egindako ibilbidearengatik. «Santa Cruz Euskal Herriko azkeneko botagile artisaua da eta 2003an erretiratu zen, oso serio erretiratu ere. Erabat utzi du langintza; Zeledonen bota zaintzen laguntzen du soilik». Gala honetan, ezuste polit bat ere izan zuten, Kriskitin dantza taldeak batere susmatu gabe jaso baitzuen aitorpena, tradizioak hedatzeagatik eta artisau azoka eta topaketak girotzeagatik.
Vidalek nabaritu egiten du etortzen den jendeak badakiela zertara datorren eta ulertzen duela. Kontent da disko eta liburu azokarekin batera, artisauak agertzen direlako anitzen agendan. Krisia usaintzen zuten, baina iaz jo zuen goia 20.000 bisitarirekin eta Vidalek zehaztu duenez, salmentak jaitsi direla-eta gehien kexatzen direnak produktu merkeen aldeko apustua egin dutenak dira. Bitxigintzak goiti egin du urteotan, jendeak zera pentsatzen duelako: «Nire burua maite dut eta zerbait erosiko dut niretzat».