Haizea BARCENILLA Arte komisarioa
Eskubide edo betebehar?
Zeinek esango zidan Soraya Saenz de Santamariaren alde idatziko nuela. Ama izan da PPko politikaria. Hala ere, erditu eta hamaika egun ondoren, gobernu aldaketa bideratzeko Rajoyk izendatu duenean, zorionak ahaztu eta kritika mordoa zuzendu zaizkio. Amatasun baimenari ezetz esan eta lanera itzuliko da, ordea, Saenz de Santamaria.
Bitxi bada ere, berria ez dute bere alderdiko kontserbadore sutsuek okerren hartu, berdintasun arloan lan egiten duten emakume askok baizik. Diotenez, politikariak bere eskubideak erabiltzen ez baditu, enpresariei arrazoiak emango dizkie beste emakume batzuei ez luzatzeko; egin beharrekoa baimena gozatzea ei litzateke.
Ni, txundituta. Ados borrokatutako eskubide horiek ez direla kolokan jarri behar, baina gizonezko zein politikariri eskatu zaio aita izateagatik bere karrera alde batera uzteko? Kontrakoa: publikoki gutxitan jakin da haien familia-bizitza nola antolatzen duten. Dirudienez, Saenz de Santamariaren senarrak eskatu du aitatasun-baimena. Ez al litzake zinezko arduren banaketa, gurasotasuna bi pertsonen arteko konponbidea eta ez emakumearen ardura izatea, familiari zein karrerari dedikatzeko benetako aukera edukitzea, emakumeontzako aurrerapen aipagarria?
Burutik pasatu zaizkit ama izateko artea urte batzuetan utzi izan duten emakume asko, haien bikoteek lanean jarraitzen zuten bitartean, eta zenbat kostatu zitzaien ondoren panoraman berriz ere sartzea. Lortu izan dutenean. Batzuek biziki eskertuko zuten lanera lehenago itzultzeko aukera, ama edo artista izatearen artean hauturik egin behar ez izana. Saenz de Santamariak aukera hori izan du. Eta hori aurrerapen bat da.