GARA > Idatzia > Euskal Herria

AHT neurriz kanpoko dirutza jasotzen ari dela salatu dute Durangon

AHT Gelditu! Elkarlanak manifestazioa egin zuen atzo Durangon, zehazki, proiektu horretan neurrigabeko dirutza xahutzen ari direla salatzeko. Ibilbidea amaitutakoan, Mila Elorza Elkarlaneko kideak eta Gorka Obejerok, Barcinari tarta bota zion ekintzaileak, hitz egin zuten.

p015_f02_098x165.jpg

Jon ADAN |

AHT Gelditu! Elkarlanak, manifestaldia egin zuen atzo Durangon, «Behar ez dugunetik murriztu dezatela!» lemapean. Proiektua geldiarazteko ahalegin horretan, atzoko martxak helburu nagusi bat zuen, hain zuzen, krisi garaia izanik AHTn gehiegizko diru kopurua gastatzen ari direla salatzea. Horrela, ehunka lagunek egin zuten bat Landakotik abiatu eta alde zaharreko Santa Maria elizpean bukatu zen deialdiarekin.

Amaieran, Mila Elorza Elkarlaneko kideak AHTren inguruko datuak eman zituen. Oraingoz aurrekontuaren %7 besterik ez dutela erabili eta iragarritako gastuek «gora egingo dutela» adierazi zuen. Bestalde, aurten AHTra bideratutako aurrekontuak %27 egin duela gora jakinarazi zuen.

Gauzak horrela, proiektu «txikitzaile» hori gelditzeko, ezinbestekotzat jo zuen «Lapurdin zein Nafarroan bizirik dagoen borroka grina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan berpiztea». Bide batez, eta borrokari eusteko helburuarekin, Euskal Herritik kanpo ere proiektu txikitzaileak badirela eta horietako gehienen aurka borroka egiten duten herritarrak ere badirela gogorarazi zuen. Adibide gisa, atzo bertan Italiako Val di Susan AHTren aurkako manifestazioa egin zutela aipatu zuen.

Azkenik, itxaropenari eusteko mezua bota zuen. «Borrokan jarraituz gero, denon artean AHT geldi dezakegu».

Zigorraren zain

Mila Elorzaren ondoren, Gorka Obejerok, Yolanda Barcinari protesta gisa tartak bota zizkioten hiru ekintzaileetako batek hartu zuen hitza. Obejerok «eskerrak eman zizkien babesa eman dieten jende eta kolektibo guztiei». Bestalde euren egoeraren berri eman zuen: Madrilen epaituko balituzte, lau eta sei urte arteko kartzela izango lukete; aldiz, Okzitaniako Tolosan epaituko balituzte, hutsegite bati dagokion zigorra ezarriko liekete.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo