GARA > Idatzia > Kultura

Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka

Nobelei esker, begiak lerro artean galduta, edonora egiten dugu hegan

Eleberriak izaten dira irakurleen libururik gustukoenetakoak, pertsonaien larruan sartu eta bertze sentimendu, leku eta giro batzuk ezagutzeko eta sentitzeko aukera ematen dutelako. Ez dago inongo mugarik, gainera. Begiak lerro artean galdu eta edonora egiten dugu hegan... Hiru geltoki aukeratu ditugu guk gure hegaldi honetarako, hagitz desberdinak, Durangoko Azokako nobedadeen artean.

p038_f01.jpg

p038_f02.jpg

p038_f09.jpg

Maider IANTZI

Harkaitz Canoren «Twist» (Susarena) 1983an abiatzen da eta 80ko hamarkadaren eta egungo garaiaren artean dabil dantzan. Hiru lagunek antzerki talde bat osatu dute, baina horietako bi torturatu eta erail eginen dituzte eta bakarra geldituko da bizirik. Orain 40 urte ditu, idazle bilakatu da eta adiskideen ordez bizitzen saiatuko da. Gauza gordinak kontatzen ditu lasartearrak, baina, aldi berean, adiskidetasunari eta lagunen artean sortzen diren konplizitate, txantxa eta irriei, bertze inork ulertzen ez dituen kode horiei egindako kantu bat ere bada lan hau. Bere bizitzako «orrialderik gordinenak eta zoriontsuenak» idatzi ditu.

Kontent dago, gainera, orrialde zoriontsu horiekin, hagitz zaila iruditzen zaiolako momentu zoriontsuez idaztea. Zineman, sekulako inbidia sentitzen du pertsonaiak benetan -ez modu ingenuo edo xalo batean- gozatzen, barre egiten eta bizitzen ikusten dituenean.

Hasiera surrealista, zoroa, du nobelak: «Cambalache, 1983. Gaua da kanpoan, gaua izatea merezi du. Lurraren erraietan beti da gaua, satorren ordua da satorraren domeinuetan. Axola dio ezer egun-argiak lurpean bizi denari? Ez gehiegi. Bat eginda zaude aspaldi honetan lurrarekin eta batere ez mugitzea zenukeela onena iruditu zaizu hasieran. Zure erraiak eta lurrarenak errai berak ez dira bada? Ahots teluriko batek diotsu: abandonatu zeure hezurrak betiko, zer arraio. Ez al dira hezurrak danbor-jotzailearentzako makilak, txirulariarentzat txirulak?».

Berpizte baten kontakizuna da eta narratzailea bere buruaren bila dabil, oraindik lehendabiziko pertsonan edo bigarrenean idatzi, edo hildakoei nola zuzendu ez dakiela. Zortzi atalez edo mikronobelaz osatua dago liburua eta, egileak argitu zigunez, ez dago dantzarik 400. orrialdera arte, nahiz eta izenburuak bertzerik iradoki. Izenburuetan idazleek gauza gehiegi azaltzen dutela uste du eta ez zuen pistarik eman nahi. Noiz edo noiz agertzen da nobelan bizizaletasuna eta ospakizuna, eta hori da twist. Baina fikzio baten ezusteko giroa ere bada twist eta halako anitz ditu liburuak.

Jendearen berotasuna sentitzen ari zen bertze eleberrigile bat Asel Luzarraga zen. Harrituta topatu genuen Txalapartaren postuan, harrituta eta pozez gainezka. «Inoiz ez dut hainbeste sinatu!», erraten zuen. «Gezurra odoletan» nobelan kontatzen den istorioaren eta bere bizipen propioen artean paralelismoak egin daitezke, baina bilbotarra pertsonaiak berarengandik urruntzen saiatu da. Lau pertsonaia sortu ditu: Jon euskalduna, Vero txiletarra, Hugo gazte maputxea eta fiskala. Zatika kontatzen ditu lauren istorioak eta batzuetan bat egiten dute.

Gezurra aipatzen du izenburuak, pertsonaia batzuekin, fiskalarekin eta euskaldunarekin batez ere, gezurra delako nagusi. Euskalduna nortasun faltsu batekin iristen da Txilera, ihesi, eta han harreman bat eraikitzen hasten da Verorekin. Jon ez da pertsona hori, baina aldi berean, pertsona hori da Jonik benetakoena. Konturatu gabe, hango saltsa politikoetan sartzen joanen da; anarkista eta maputxeekin nahasten... Fiskalarekin, aldiz, ustelkeria guztia azaleratzen du idazleak, baina bere alde humanoa ere erakutsiz.

Atxilotua izan aitzinetik pentsatua zuen Asel Luzarragak patxadaz Txilen ezagutu zuen errealitatea islatzeko nobela bat idaztea. «Ideia hor zegoen, bere momentuaren zain, eta kartzelan izan nuen aukera. Ezin izan nuen nahi beste dokumentatu, baina zuzenean ezagutu nuen errepresioa, espetxea, hain gertutik ezagutzea espero ez nituenak. Han zirriborroak egin nituen eta etxera etortzean erabaki nuen idatzi behar nuela». Azpimarratu zuenez, istorio pertsonala baino gehiago giro errepresibo hori jaso nahi zuen, «han murtxikatu egin baitaiteke errepresioa: polizia nonahi, jendea aurreiritziz beteta, eta, aldi berean, erresistentzia handia maputxe eta anarkisten aldean». Maputxeen kulturan hain garrantzitsuak diren ametsei eta naturari lotutako sinbologiari ere lekua egin die.

Maputxeen ametsetatik Tangerko ametsetara. Liburuak sinatu eta sinatu zebilen bertze nobelagile bat Jon Arretxe zen. «Zergatik hartu duzu hau?», galdetu zion liburua erosi zion Irantzuri. «Gaiagatik. Atzeko partea irakurri dut». «Eta, konbentzitzen du? Gero idatzi e-mailez, e?». Elkarrizketa egin bitartean, jende pila bat etorri zitzaion eskaintza eske. Guraso batzuek Kanadan itzulpengintza ikasten ari den Maite alabari gozo batzuekin batera opari gisa bidaltzeko hartu zuten «Tangerko ametsak» nobelaren ale bat. Anitz mimatzen ditu basauriarrak irakurleak, bere «altxorra» direlako. Norberak sortua bertzeek hartzea polita da, eta zaindu beharrekoa.

Nobela beltza idatzi du Arretxek, bidaia-nobela beltza, hobeki erranda. Tanger aukeratu du kokaleku, «oso hiri berezia». Bertako medina zaharrean gurutzatzen dira pertsonaien bideak, tuneletan eta misterioz betetako zoko-moko ilunetan. Hagitz garrantzitsua da berarentzat lekua ezagutzea eta bertako sentitzea, eta girotzeko, egonaldi batzuk egin ditu medinako ostatu batean, eta han aritu da idazten.

Neska zuri bat Damacon agertzen da norbaitez galdezka. Hiltzaile bat ere badago, Mohamed, jatorriz marokoarra baina espainiar pasaportea duena eta leku guztietan atzerritar sentitzen dena. Fatima prostituta gazte bat da, familiak arbuiatua ezkondu gabe haurdun gelditzeagatik; Musa, aldiz, Afrika beltzeko gaztea. Europara igaro nahi du, baina engainatu egiten dute eta dirua galtzen du. Hala, ametsa amesgaizto bihurtzen zaio. «Susmatzen da hiltzailea zein den; kontua da zer egingo duen, nori...», hasi zen istorioa kontatzen... gehiegi kontatzea ez zela komeni konturatu zen arte. Gauza bakarra gaineratu zuen: irakurlea berarekin identifikatzea lortuko du Mohamedek, nahiz eta hiltzailea izan.

Hagitz gustura dabil genero honetan eta hurrengo nobela ere beltza idatziko du, Bilboko San Frantzisko auzoan kokatua. Dagoeneko utzi diote bertan pisu bat girotzeko.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo