GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria | Irakaslea

Demokrazia ta gero...

Gizarte osoa bihurgune batean dago, ondoko hauteskundeek erakutsiko digute borrokaren hautua egiten den edo eskuineko indarrei ateak zabalik utziko zaizkien

Datorren urteko hauteskundeei begira, frantses alderdien arteko lehia martxan da. Debate politikoa oso motela eta interes gutxikoa ageri zaigu. Alderdien defentsa eta protagonisten arteko gerla, ea nor kokatzen den hobekien postu baten lortzeko, puri-purian dago. Debate ideologi- koa azalean gelditzen da eta azken finean krisiari buruzko harrabots eta oihuek benetako arazoen aipatzea saihesten dute. Frantses presidentearen komunikazio bulegoak lanez gainezka daude, krisiaren inguruan antolatzen dituzten goi-bilera errepikagailuen ondotik, nahiko itxura ona ematen diote Nikolasi. Behintzat, frantses ezkerrak aurre egiteko ez du gaitasunik erakusten. Beste alternatibarik ez diogu ikusten. Europe Ecologie-k sozialistekin eramaten dituen diputatu postuen lortzeko negoziaketetan ez du konbentzitu ezkerreko jendearen bereganatzeko, ondorioz ez dugu ikusten zergatik UMPko liderrak ez lukeen estatuaren lehen lerroan egoteko garaipena errepikatuko. Frantses sistema gero eta gehiago eskuin muturrera jotzera erakarria dela sumatzen da.

Egoera horretan, indar aurrerakoien biltzeko beharra ikusten da. Izan ere, osasungintza eta hezkuntza erasotzen diren une honetan gure diruarekin estatuak egin duen kudeaketaren aurrean indar sozialen elkarketa beharrezkoa da, inposatu nahi diguten diru murrizketen aurka joateko. Estatua zorpetu dute, aberatsei zerga opari oparoak eskaini dizkiete eta zorpetzearen faktura ahulenei ordainarazi nahi digute.

Gizarte osoa bihurgune baten aurrean dago, ondoko hauteskundeek erakutsiko digute borrokaren hautua egiten den edo eskuineko indarrei ateak zabalik utziko zaizkien. Alderdi sozialistak frente berria ideki du Senatua bereganatu baitu, hortik ari da, baina eskandaluek gainezka egiten dute.

Haatik, hemen abertzaletasuna ezkerrean kokatzen da, borrokatzen da, ez du alderdi aparaturik defenditu beharrik. Proiektu politiko bat defenditzen du. Izan ere, frantses ezkerra zailtasun handitan dago. Ondorioz, tokiko hautetsi sozialistek erantzuten saiatzen dira, beren saltsa egiten dute. Ikusi dugu nola Kontseilu Nagusiak, alderdi sozialistaren eskuetan dela, AHTren aldeko finantzabidea bozkatu duen, Ezenarro kontseilariak, alderdi sozialistako kideak, kontra bozkatu duelarik. Alderdiaren interesak eta herritarrenak talka egiten dute, ondorioz Ezenarrok Hendaiako Herriko Etxea errekuperatu nahi badu tokiko hautuen arabera bozkatzen du.

Ipar Euskal Herrian abertzaletasunak ditu alderdi frantsesak astintzen. Alde batetik gure biziraupena baitugu jokoan eta bestetik gero eta gehiago ageri baita frantses alderdiek ez dutela tokiko problematikaz axolarik. Erabaki eremuak gero eta urrunago gelditzen dira eta demokrazian sinesten duenak antolaketa horren aurrean kezka sumatzen du. Abertzalea ez bada ere.

Grezian eta Italian agintari berriak inposatzeko hartu dituzten sasi neurriekin Europan demokrazia desegiten dutela frogatua da. Demokraziaren aldarrikapenak zentzua hartzen du gizartean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo