Ismat Shakshir, Raji Sourani, Sergio Yahni eta Hind Awad | Euskal Herria-Palestina Sarea
Israeldarren mozkinak handitu, palestinarren kalterako
Nazioarteko araudiaren arabera, merkataritza- akordioetan parte direnek arau demokratikoak eta giza eskubideak errespetatu behar dituzte
Israelekiko harreman diplomatikoak, ekonomikoak eta merkataritza itunak hazi egin dira, Israelek hainbat Nazioarteko itun urratu dituen arren: Nazioarteko Zuzenbide eta Legedia, Giza Eskubideeen itunak, Genevako IV. Hitzarmena eta Nazio Batuen Erakundearen (NBE) 50 ebazpen baino gehiago, besteak beste.
Israelek nazioartearen onarpena behar du; eta horretarako, aberri moderno eta progresistaren irudia azaldu nahi du, sionismoak Arabiar Ekialde Hurbilean eta Palestinar Herrian batez ere gauzatzen duen apartheid politikak gero eta argiago erakusten duen errealitatea ezkutatuz.
1967an Israelek legez kontra okupatu zituen hainbat lurralde: Gaza, Zisjordania, Jerusalem ekialdea, Siriako Golan Gainak, Libanoko Shebaa landak eta Egiptoko Sinai Penintsula. Nazioarteko Zuzenbidearen araudiak argi eta garbi azaltzen du nola jokatu behar duen potentzia okupatzaileak herri eta lurralde okupatuarekin. Halere, Israelek, potentzia okupatzaile gisa behin eta berriz urratzen ditu Giza Eskubideen Itun eta Hitzarmenen hainbat atal, bereziki Genevako IV. Hitzarmeneko I. Protokoloko 33. artikulua. Urte bereko azaroaren 22an, NBEren Segurtasun Kontseiluak 242 Ebazpena aho batez onartu zuen, Israel okupatutako lurraldeetatik atera zedin exijituz. Hori da Israelek inpunitate osoz bete gabe jarraitzen duen NBEen ebazpenetako bat (50etik gora guztira).
Datorren astean, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Legebiltzarreko ordezkaritza batek (Lakuako Gobernuko ordezkariekin eta SPRI erakundeko kideekin batera) Israelgo zenbait enpresa eta unibertsitate bisitatuko ditu, horiek aurtengo irailean Bilbora egindako bisitari erantzunez.
Nazioarteko araudiak eta kasu honetan bereziki Euromediterraneo Elkartze-Hitzarmenaren bigarren artikuluak esaten du merkataritza-akordioren bateko parte direnek arau demokratikoak eta giza eskubideak errespetatu behar dituztela. Israel bisitatu eta bertako enpresa eta unibertsitateekin merkataritza-hitzarmenak eginez ez zarete zuen betebeharra betetzen ari. Jokaera honek aldiz, hamarkadetan zehar inpunitate osoz Israelgo Estatuak eragindako gerra hilketen konplize bihurtzen zaituzte.
Zuetako zenbait eta ordezkatzen duzuen Parlamentua, artikulu hau sinatzen dugun palestinar eta israeldarrekin bildu izan zarete: Ismat Shakshir Nabluseko emakume palestinarren elkarteko lehendakaria, Raji Sourani Gazako Giza Eskubideen Zentroko zuzendaria, Sergio Yahni Jerusalemgo Informazio Gune Alternatiboko zuzendaria eta Hind Awad BDS kanpainaren koordinatzailea besteak beste. Guk guztiok, okupazioak eragindako basakerien berri emateaz gain, Nazioarteko Legeria etengabe urratzeagatik Israeli zigorrak ezartzeko beharraz jakinarazi dizuegu; azken hau zuen eskumena izateaz gain zuen eginbeharra ere bada. Ongi planifikatutako garbiketa etniko honek eragindako biktimez errukia erakutsi duzue, laguntza ekintzak hitzemanez esaterako, baina orain bere borreroarekin bilduko zarete gutxi batzuen mozkinak handitzeko, herri oso baten askatasun eta bizitzaren kalterako. Aurtengo uztailean Palestinan izan zen EAEko Parlamentuaren ordezkaritzak argi ikusi ahal izan zuen Isralek ezarritako blokeoak eragin- dako aurrekaririk ez duen krisialdi humanitarioa. Zuek zerorrek onartu duzue Israelek ezarritako blokeo hau Nazioarteko Zuzenbidearen kontrakoa eta palestinarren giza eskubideen urraketa garbia dela. Gogora ekarri nahi dugu israeldar agintariek EAEko Parlamentuaren Ordezkaritzari Gazarako sarrera ukatu ziotela, bertako krisi humanitarioa eta giza eskubideeen urraketa agerikoago bilakatuz.
Euskal Herria-Palestina Saretik, elkartasun internazionalista lantzen duten GKE eta erakundeak biltzen dituenetik, erakutsi nahi dizuegu Israelera egingo den bisita honek eragin duen sumindura, batez ere zuengandik hitz gozoak jaso dugunon lagunen artean, era honetako jokaerak akabatuko gaituena hain zuzen ere. Hurrengo egunetan burutuko den bisita, alde batetik, ez dator bat zuen deklarazio publikoekin eta bestalde era zuzenean edo zeharka biztanlerian izua zabaltzen laguntzen du.
Ordezkaritza honi buruzko hausnarketa sakona eskatzeaz gain, zuok lekuko izan zareten hondamendi humanitarioak eragin eta giza eskubideak etengabe urratzen dituen Gobernuarekin lankidetzari buruzko gogoeta egin dezazuen eskatu nahi dizuegu; eta ordezkaritza hau bertan behera utzi edo burutuz gero, inolako merkataritza hitzarmenik ez sinatzeko eskatzen dizuegu, zuek sinatu eta errespetatzen duzuen nazioarteko zuzenbidea oinarri hartuta.