GARA > Idatzia > Ekonomia

berrikuntza eta ekintzailetza

Izaera berritzailea, enpresak sortu eta indartzeko giltza

Azaro fundazioak ia hamar urte daramatza Lea-Artibai eskualdean enpresa jarduera indartzeko zereginean, enpresa berriak sortuz eta lehiakortasuna garatuz. Jardun horretan, ekintzailetza, berrikuntza, ikerkuntza eta prestakuntza puzzlearen ezinbesteko piezak dira, baita bezeroari beharrezko dituen baliabideak eskaintzea ere. Hala, aholkularitza zerbitzua eta enpresak sortzeko gune propioa dira Azaroren bereizgarri nagusiak.

p018_f01.jpg

Iraia OIARZABAL

Lea-Artibai eskualdean enpresa ehuna sendotu beharraren garrantziaz jabetuta, 2002. urtean Azaro fundazioa sortu zuten Lea-Artibai ikastetxeak, Markinako Udalak, Lea Ibarrako mankomunitateak eta Okaminako industrialdeak elkarlanean. Helburu argi batekin jaio zen Azaro, eskualdeko enpresa ehunaren lehiakortasunean eragitea, hain zuzen ere. Krisiarekin, paradoxa dirudien arren, Azaro fundaziora hurbildu den jende kopurua inoiz baino handiagoa izan da azken urtean. Ostera, benetan gauzatu diren enpresa proiektuak inoiz baino gutxiago izan dira. «Egoeraren isla da», adierazi zuen Ainara Basurko fundazioko zuzendariak. Langabezian dagoenak ez du aterik ixten krisi garai hauetan eta bide berriak ere aztertzen ditu; negozio berri bati ekiteko beldurra handiagoa da, ordea, eta diru laguntzak eskuratzea inoiz baino zailagoa.

Basurkoren arabera, sortu zen une beretik bi helburu nagusi izan ditu fundazioak: batetik, dagoeneko martxan zeuden enpresak indartzea; bestetik, enpresa berrien sorreran ekintzaileen bidelagun izatea. Horretarako izaera berritzailea ezinbestekoa da, Basurkoren ustez.

Enpresa berriak eta lanpostuak sortzeko, azpiegitura berriak beharrezko zituztela ondorioztatu zuten fundazioan. Horrela, erakunde publiko eta pribatuak batuta, Esperanza 2013 proiektua jaio zen 2006an. «Gure enpresa ehuna lehiakorra izatea nahi bagenuen, berrikuntza kontzeptua ezinbestekoa zela ondorioztatu genuen. Sortzen den enpresa proiektuak elementu bereizgarriak eta berritzaileak izan behar zituen, eta gure helburua abentura horretan laguntzea da», azaldu zuen Basurkok proiektuaren filosofiaz galdetzean.

Asmo handiko proiektu gisa jaio zen Esperanza 2013. Horrela hiru helburu nagusi finkatu zituen, lehenik eta behin, zazpi urtetan 63 jarduera ekonomiko berri eta 375 lanpostu sortzea. Jarduera horietatik, %60 berritzailea izatea eta %20 kooperatibak izatea proposatu zuten lehen zirriborro hartan. Bigarren helburutzat, eskualdeko enpresekin 50 bat proiektu berritzaile garatzea finkatu zuten. Alde horretatik, filosofia berritzailea arlo ezberdinetara hedatzearen garrantzia azpimarratu zuen Basurkok. Hots, berrikuntza transformazio prozesuetara, merkatu ikuspuntura edota antolakuntza ereduetara zabaltzea. Hirugarren helburua, ekintzailetzan lagungarri izango den formazioa indartzea da. Horretarako goi mailako ikasketak eskaintzen ditu Azarok Lea-Artibai ikastetxearen laguntzarekin.

Asmo horiek garatzeko, azpiegitura sendoa dauka Esperanza 2013 guneak. Guztira 3.600 metro karratuko eraikina, beharrezkoak diren baliabide eta teknologiaz hornituta. Ekintzaileak ideia berritzailea baino ez du eraman behar.

enpresen behatokia

Bizkaiko ipar-ekialdean kokatua, enpresa txikiz hornitua dago Lea-Artibai. Lehen sektorean duen indarragatik, elikagaien industria oso zabalduta dago eskualdean. Ondarroako portuaren inguruan esaterako, arrantzaren industria oso hedatuta dago, eta hortik eratorri dira beste industria mota batzuk ere, kontserba alorrekoak esaterako. Nekazaritzak ere badu indarra eta gaztaren industriak edota bertako elikagaien salmentak presentzia zabala dute. Halaber, plastiko eta kautxuaren industria ere eskualdeko enpresa ehunaren bigarren potentzia dira.

Enpresa berrien sorreran laguntzeaz gain, dagoeneko sortuta dauden negozioetan etengabeko diagnostikoa egiten du Azarok. Horrela, negozio aukera berrien identifikazioan eta dibertsifikazioan buru-belarri dihardu fundazioak. «Enpresengatik hurbil egotea ezinbestekoa da», azpimarratu zuen Basurkok. Merkatuaren egoera aztertuta, enpresen beharretara egokitzen diren proposamen berriak luzatzen ditu, batik bat enpresek jarrera berritzaileak barneratu eta euren jarduera dibertsifikatu dezaten. Emaitza onak izan dira oraingoz, Basurkoren arabera: «Enpresa ekintzaileen kontzeptua asko zabaldu da, asko dira jarduera ekonomiko berrietara ireki direnak».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo