GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

eskalada | Protagonista

Ander Lasagabaster, Baltzolako itxialditik patrika lepo beteta

Azken hilabeteotan, Arrasateko eskalatzaileak sasoiko dagoela erakutsi du; izan ere, zailtasun handiko bideak sinatu ditu Dimako kobazuloan: «Baltzolita» (8c), «Na-nai» (8c+), «Tas-tas» (8c+/9a) eta «Baltzolako Zeharkaldia» (8c Fb, edo biako 8c+/9a).

p040_f02_286x132.jpg

p040_f03_184x108.jpg

p040_f04_148x236.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Isil-isilik, inolako zalapartarik atera gabe, baina serio, burugogor eta dena ematen. Ander Lasagabasterren DNA aztertuko bagenu, ziur aski emaitza horiek aterako lirateke. Arrasateko eskalatzaileak jakin badaki zer egin behar duen; ibilbide arraroa, hots, zentzu handirik ez duena, alde batera uzten du. Alabaina, bere entrenamenduak eta plangintzak «zuzentzen» dituen Joxean Mulasekin batera esperimentatu zalea da. Hori guztia indarrean jartzeko, zutabe sendo bat du; urteak daramatza era egokian entrenatzen eta jasotako sasoia arrokara era bikain batean bideratzen.

Horren guztiaren isla aurtengo denboraldia da; zehazkiago esanda, Aste Santutik azaro arte jasotako uzta bikaina izan da. Nahiz eta ez zuen inolako penitentziarik bete behar, Lasagabasterrek Euskal Herriko zailtasunaren tenplu batean itxialdia egin du. Baltzolari buruz ari gatzaizkizue. Eta gehiegi luzatu gabe, hona hemen arrasatearrak poltsikoratutako goi mailako zerrenda: «Baltzolita» (8c), «Na-nai» (8c+), «Tas-tas» (8c+/9a) eta «Baltzolako Zeharkaldia» (8c Fb edo biako 8c+/9a).

Lerrootako protagonistak berak hilabete horien nondik norakoak azaldu dizkigu: «Aste Santuan `Na-nai' sinatu nuen. Marra hori beti lehor egoten da, eta entrenamendu osteko sasoia ondo baino hobeto aprobetxatu nuen. Gero, `Tas-tas' probatzen hasi nintzen, baina hanka sartu nuen; izan ere, oso baldintza kaskarrak zeuden (kondentsazio handia) eta ni, burugogor, dena ematen. Oso indartsu nengoen, baina tematu nintzen, eta baldintza horietan ezer gutxi egin nezakeen. Udako oporren ostean, berriro itzuli nintzen, eta `Tas-tas' bideari ekin aurretik, `Baltzolita'-n sartu nintzen; besteak beste, baldintza onak zeudelako eta sasoia berreskuratu behar nuelako. Kateatu ondoren, `Tas-tas' izan zen hurrengoa. Eta azkena, `Baltzolako Zeharkaldia'».

Baltzolako itxialdia, berez, ez zen kateatze horiekin amaitu; Lasagabasterrek beste urrats bat egin nahi zuen. «Il domani» bidea (9a) helburu hartu zuen, eta, eskalatzaileak baieztatu digunez, saio politak egin ditu: «Gauzak nola dauden ikusita, datorren urterako erronka izango da».

Irakurtzen den legez, Baltzolako itxialdiak emaitza oso onak ekarri dizkio. Baina zergatik Baltzola eta ez beste zailtasun handiko laborategi bat? Erantzuna oso sinplea da: «Lanak denbora asko kentzen dit, eta Araotz ondoren, Baltzola da etxetik gertu dudan eskalada eskola. Gainera, Araotzen aspertzen hasia naiz. Baltzolan, ordea, bide gogor asko egin gabe nituen. Denboraldia hasieran `Nai-nai' probatzen hasi nintzen batez ere lehor egoten delako. Baina nire helburua `Tas-tas' zen, oso ederra eta 8c+/9a gradua duelako. Erresistentzia eta indar-erresistentziazko bideak dira, eta, beraz, nire ezaugarrietarako oso egokiak».

Egindakoarekin harrituta

Araotzeko «Honky Mix» izan zen arrasatearraren lehen 8c+, eta hori sinatu ondoren une berezia iritsi zitzaion. Eta «leherketa» Baltzolan izan du. Arestian aipatu dugun bezala, «Na-nai» izan zen patrikara erortzen lehena: «Harrituta geratu nintzen, nahiko azkar kateatu nuelako. Gradua ikusita, uste dut `Honky Mix' baino zailagoa dela. `Na-nai' lehen zuzen egiten zen, eta gogorragoa da, baina orain beste sekuentzia berri errazago bat atera diote».

«Baltzolita», kobazuloan dagoen klasikoetariko bat, bigarrena izan zen: «Ondo joan zitzaidan. Oporren ostean berriro erritmoa hartu behar nuen, eta 8c horrekin hasi nintzen. `Tas-tas'-erako entrenamendu ona izan zen».

«Baltzolita»-n eginiko lana ondo baino hobeto etorri zitzaion «Tas-tas» bidean sartzeko: «Pauso luzeak ditu, eta ni horietan ondo moldatzen naiz. Marra ederra da, ikusi eta harrapatzen zaituen horietakoa. Sabai luze hori graduaren erreferentzia da, eta unea aprobetxatu dut. Zailtasunean, bederen, ez dut salto hori nabaritu; agian, psikologikoki bai. Bestalde, aipatu behar dut `Baltzolako Zeharkaldia' `Tas-tas'-en oso antzekoa dela. Hori izan da sinatu nuen azkena. Harritu ere egin nau zeharkaldi hori egiteak. Ez nuen uste egingo nuenik, bloke asko duelako».

Uzta oparoa, beraz, Lasagabasterrek Baltzolan bildutakoa. Baina sasoiak eta motibazioak beste urrats bat egitera eraman zuten. Hots, bederatzigarren dimentsiora gehiago hurbiltzea. Eta horretarako «Il domani» aukeratu du. «Horretan, bai, saltsa handia dago. Gogorra da, 9a gogorra. Probatu dut, eta bai hasierako 8b+ tartea eta bai erdiko 7c+ blokea atera ditut. Gustura nago eginiko saioekin, eta datorren urterako helburua izango da».

Bederatzigarren graduan, jakina, «Il domani»-rekin sartzea gertu ikusten ote duen galdetu diogu. Eta eskalatzaileak zera erantzun digu: «Pausoak atera ditut, baina jakin badakit eskalatzaile on askok jipoia jaso dutela. Pixkaka joango naiz, eta, agian, entrenamendu bereziak egin beharko ditut. Batez ere bloke gehiago entrenatu».

Urtea badoa, eta Lasagabaster pozik da denboraldi honetan lortutakoarekin: «Harritu egin nau, bide hauek guztiak egin ditudalako. Horren guztiaren giltza da oso burugogorra naizela. Orain 9a batek motibatu nau; ez nau batere presionatzen. Oro har, oso gustura nago Baltzolan lagunekin eskalatzen eta nire erronkak lantzen».

sasoiko

Ander Lasagabasterrek zailtasun handiko bideak sinatu ditu azken hilabeteotan. Guztiak ala guztiak, gainera, Baltzolan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo