GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Surflari ernegatua

Pipak Pipelinen


Garai batean, surfeko irudiak ikusteko modu bakarretako bat zera zen, surf dendetako erakusleihoen parean eseri eta han jartzen zituzten bideoak ikustea. Zenbat ordu iragan ote genituen patinetearen gainean eserita, beiraren beste aldean zen kaxa hari begira?

Pipelineko irudiak ikusten genituenean bi galdera izaten ziren gure artean luzatzen genituenak. Lehena, «hik olatu hori hartuko al huke?». Ez zen gure artean baiezkoa emateko ausardia nahikoa zuen «sandiosik».

Beste galdera honakoa zen: «Ta hik hor zer egingo huke?». Eta denok gauza bera erantzuten genuen. «Nik pipa poltsa erraldoi bat eraman eta urertzean eseriko nintzateke tuboak nola egiten dituzten ikustera».

Gaur, txapelketak zuzenean ikusi ahal ditugu Internet bidez. Zenbait tabernetan, futbol partiduak ikusten diren modu berean jarraitzen dira surf txapelketetako txandak. Garagardoa, menta poleoa, iturriko ura baino kalitate okerragoko plastikozko ur botilatxoa edo porro xuxtarra eskuan, bezero guztiak zutitu eta «goooool!» edo «yeah!» oihukatzen dute lehiakideren batek tubo eder bat egiten duen bakoitzean.

Pipelineko azken txapelketa ez nuen taberna batean ikusi, etxeko besaulkian baizik. John John Florence mirestu nuen, Parko olatua urautsitik hartzen ez zela ausartzen konturatu nintzen eta munduko surflari onenak ere beldurtzen direla ikasi nuen. Ia-ia, urertzean txapelketa ikusten ari ziren ikusleen adatsak astintzen zituen haize epela ere nire bisaia laztantzen sentitzen nuen.

Han nengoen, Pipelineko txandak banan-banan jarraitzen, oraindik guztiz digeritu ez dudan pipa poltsa handia jaten eta ordenagailuko pantaila hautseztatua animatzen. Pipelineko palmondoak, nire etxeko komuna baino gertuago nituen.

Txikitako amets hura bete dut. Ez daukat Hawaiira joan beharrik, ezta pipa poltsa erraldoia eraman beharrik ere, jada, sarean surf egin daiteke eta tuboak egin daitezke, etxe zulotik atera gabe.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo