Josebe egia
Amona Maria eta besteak
Marta nire lagunak pobretzat du bere burua, 34 urterekin ez baitu lanik, ez etxerik, ez aurrezkirik. Garai batean, baina, izan zuen lana, hiri handi batean. Bazuen bizitzeko lain, lana bera gustatu ere gustatzen zitzaion, eta arazo bakarra garraiobidea zuen. Bizikletaz mugitu ohi zen beti, nahiz eta bere etxea urrun zegoen, txarto komunikaturiko auzo batean, erosketak gainean oreka mantentzeko ahaleginak eginez ikus zenezakeen sarritan. Bizkarra apurtzear zuen, azkenean, eta lankide batek autoa saldu nahi zuela jakin zuenean, aukera ona zela pentsatu zuen, beraz, bere inguruan dirua duen pertsona bakarrarengana jotzea erabaki zuen, mailegua eskatzera: bere amona Mariarengana.
Amona Mariaren erantzuna zorrotza izan zen: «ez ume, ez, eskua ireki bezain laster dirua joan egiten da eta, atzera bueltarik barik». Eta ez zionez buelta gehiagorik eman, Martak sekula ez zuen autorik lortu, bai, ordea, benetako nahigabea, eta areago, pobrea izateaz gain, munduan babesgabe eta bakarrik dagoelako sentsazioa.
Amona Maria salbuespentzat jo genezake; izan ere, familia asko eta askoren aurrera egin ahal izateko giltza dira egungo aitona-amonak, ezinbesteko laguntzaileak, haurren zaintzaile eta ia hezitzaileak, beren zahartzaroko denbora bilobei eskainita. Diru-ahalegina baino askoz ere handiagoa egiten dute, seme-alabei laguntzearren, ezetz esateko erreparoagatik, aurrerago zaintza bera ez jasotzeko beldurragatik, dena delakoagatik, baina askotan gogoz kontra.
Hala ondorioztatu du Estatu mailan egindako azterketa batek, egungo aitona-amonak «erabiliak» eta «estutuak» sentitzen direla, gehiegizko zama esleitu zaielako, eta haurrekin gozatu barik berriro egin behar dutelako guraso lana, seme-alabekin eztabaidak eta haien aldetik esker txarra jasota ordainetan.
Egun, aitona-amonak jardunaldi osoko doako langile bihurtzen ari gara. Bizi garen jendarte ero honek ez du beste aukerarik uzten, askotan, ez dagoelako dirurik haurtzaindegia ordaintzeko, zaintzaile bat kontratatzeko, lana edukiz gero nola edo hala mantendu beharra dagoelako, bizitza ordutegi horietara egokituta, adiskidetzea oraindik gordin baino gordinago dagoelako, besteak beste. Baita aitona-amonen papera, batez ere amonena, seme-alabengatiko sakrifizioan ikusten jarraitzen dugulako ere, zaintzaile hil arte. Eman diezaguketen laguntza, neurririk gabe eta mugak errespetatu gabe hartzen dugulako, eta agian, ez dugulako guztiz barneratzen betebeharra eta konpromisoa gurea ez beste inorena dela.
Amona Mariaren zikoizkeria ez eta askoz maitasun handiago jasotzeko zortea izanik, eskua botatzeko prest dauden senideak ondoan, bidegabea eta ankerra ere bada tarteka «ez» esateko eskubidea ukatzea, eta geure burua baino ez hartzea kontuan, arrazoia familiari eutsi ahal izatea bada ere, betiko rolak eta kateak komenigarritasun hutsagatik iraunarazita. Amona horiei, bizi osoa etxean sartuta eman dutenei, besteak zaintzen eta hazten, lanean, azken urteetan bestelako gauzak egin eta gozatzeko aukera kenduta.