GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

AIZKORA

Aitzol Atutxak Bizkaiko Txapelketa irabazteko lehen urratsa eman du


Jon LEUNDA

Aitzol Atutxak, Bizkaian, koska handi samarra kentzen die gainerako aizkolariei, eta hori argi eta garbi ikusi zen herenegun gauean jokatu zen Bizkaiko Txapelketako kanporaketan. Hamahiru aizkolari lehiatu ziren, eta lehenengotik azkenekora hamabost minutuko tarte handia egon zen.

Sekulako jendetza batu zen Larrabetzuko pilotalekuan kanporaketa zuzenean ikusteko asmoarekin, eta animorik ere ez zuten falta izan aizkolariek, jende gaztea baitzen harmailetan zegoen gehiena. Bakoitzak bi kana-erdiko, 60 ontzako bat eta oinbiko bat moztu behar izan zituen, finalean izango duten lanaren erdia izan zuten kirolariek.

Aitzol Atutxa da egungo txapelduna, eta aurten ere berak jantziko du txapela, zerbait gertatzen ez bazaio. Mendieta sailkatu zen bigarren, eta berari bi minutu eta erdi kendu zizkion; eta seigarrenari, finalean sartu zen azkenari, berriz, ia zazpi minutuko tartea atera zion.

Kontuan hartuta, finalean kanporaketako lan bikoitza izango dela, aldeak handiak izango dira. Hala ere, berri onak badira lehiaketa honetan, sei finalistetatik erdiak gazteak baitira, Atutxaz gain, Irazabalek eta Txikonek ere lortu baitzuten finalerako txartela, eta geroari begira ez da berri txarra. Atzetik ere gazte mordoa geratu zen, eta haiek ere lanean ikustea ez da txarra, jarraitzen baldin badute, Bizkaiko aizkolaritza indartu baitezakete.

Atutxarekin batera, Mendieta, Larrea, Irazabal, Txikon eta Zelai ere izango dira datorren igande eguerdian Urdulizen jokatuko den finalean.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo