GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Joxemari ETXENAGUSIA | Pilotari ohia

Irujok erraztasun gehiegi eman ditu

 

Aimar Olaizolari inolako meriturik kendu gabe -gainera, azken aste honetan pasatutakoak pasatu eta gero beragatik asko poztu naiz-, baina finala ez da ikusteko polit horietakoa izan; ez gutxienez espero genuen bezalakoa.

Juan Martinez de Irujok huts gehiegi egin ditu Aimar Olaizolaren aurka, halako final bat irabazteko. Partida erditik aurrera deskonektatu egin da Iberokoa, eta partidatik atera egin da. Egia esan, ez dakit inoiz finalean sartuegi egon den, baina lehen erdian gutxienez asko borrokatu eta lehiatu da. Huts askoko partida izan da, eta Aimarrek berak ere ez du halako meriturik egin finala horren erraz irabazteko, baina gutxienez beti bere lekuan egon da.

Aimar Olaizolak berak ere pilota mordoa bota ditu; egindako tantoak askotxo izan dira, baina Martinez de Irujok hiru tanto baino ez ditu egin, eta datu hori oso esanguratsua da. Hala ez dauka Irujok partidak irabazterik, are gutxiago sekula opari gehiegirik ematen ez duen Olaizolaren aurka. Eta ez zait iruditu Aimarrek horrenbeste behartu duenik, hainbeste huts egiteko.

Sakeak ere, Aspekoak galdu dituenetako asko eramateko moduak izan direla iruditu zait. Normalean gainera, Irujok egin beharko lioke min gehiago saketik, baina gaur ez du inoiz asmatu, apenas behartu du. Final guztian zehar, pilota ez zitzaion eskutik ateratzen, sekula ez dio abiadurarik eman, ez du dominatzen eta pilotetan ere ez dut uste aitzakiarik topa dezakeenik.

Azkenean, meriturik gehien egin duenak eraman du txapela; baina ikusteko ez da partida polita izan. Irujo 13-12 gerturatu denean ere Aimarrek egindako hutsei esker egin du. Irabazlea defentsan ikusi dut ondoen, baina huts dexente egin ditu eta meriturik kendu gabe, %80an egonda ere nahikoa erraz irabazi du txapela. Lehen partida erdi lehiatuaren ostean, Martinez de Irujok apenas behartu du, eta Aimar Olaizolak ondo merezita lortu du historian sartzeko txapela berezi eta hunkigarri hau.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo