M. Carmen Basterretxea | Filosofian eta Hezkuntza Zientzietan doktorea
Herrien filosofia
Euskal eredua egitura eta antolaketa komunitarioan oinarritzen da, komunitatearen baloreak eta jarrerak elkarlana, laguntza, eskuzabala izatea, denon artean lan egitea eta erabakiak elkarrekin hartzea baitira
Europako herriak, sortu zirenean, antolaketa soziala eta produktiboa eraikitzen joan ziren. Antolaketa soziala eta produktiboa bizitza aurrera eramateko derrigorrezkoa zen eta Ama Lurrari begiratuz eredua eraiki zuten.
Harreman sozialak eta lanerako antolakuntza egokia izateko, «ereduan» gizonen eta emakumeen baloreak eta jarrerak zeintzuk diren gauzatzen da. «Eredua» herri baten ikusmolde filosofikoa da. Ikusmolde filosofikoan harreman sozialak, pertsonalak, lana, ingurua eta eguneroko bizitza nola eraman behar zen eraiki zuten.
Gizarte txiki ugari hauek Ama Lurrarekin interakzioan «eredu matrilineala» eraiki zuten, eta, hala, Euskal Herriko ikusmolde filosofikoan ardatz matrilineala aurkitzen dugu. Ardatz matrilineala Mari eta Sorginaren artean ezartzen da. Mari Ama Lurraren irudikapena da eta Sorgina emakumearena. Ama Lurraren ezaugarriak emakumearen ezaugarri bezala agertzen dira, eta alderantziz.
Gaurko gizartera antzinako antolaketa sozialaren aztarnak heltzen zaizkigu eta aztarnak auzolana eta batzarra dira. Egitura horiek Euskal Herriko herri batzuetan bizirik irauten dute tankera ezberdinetan.
Euskarari dagokionez, gure hitzetan antzinako egiturak ere aurkitzen ditugu. Alde batetik generoa ez da aipatzen, euskal gizartean gizonak eta emakumeak onarpen sozialean kokatzen zirelako; beraz, generoa aipatu beharrik ez zegoen.
Euskaraz «gure» edo «geure etxea», «geure umea», «geure ama», «geure aita», «gure lana» elkarrizketetan espresatzen ditugu. Hitz horiek antolaketa komunitarioko milaka eta milaka urtetan mantendu den auzolana adierazten digute. «Gure» hitzarekin denon artean egiten ditugun ekintzak adierazten dira: lana eta antolaketa soziala.
Beste aldetik, «izeba», «osaba», «arreba», «neba», «amaginarreba», «aitaginarreba» hitzak aztertzen baditugu, «ba» bukaera aurkitzen dugu. «Ba» bukaerak familiaren antolaketa sistema amaren aldekoa zela baieztatzen digu.
Sistema feudala guda eta brujería salaketen bidez inposatu zutenean, eta aurrerapen teknologikoaren bidez feudalismoa kapitalismo bihurtu zenean, gaur egun kapitalismo aurrerakoia deritzona, bilakaera honetan sistema pribatua inposatu ziguten (XVI-XXI), eta bere balioak eta jarrerak: indibidualismoa, lehiakorra izatea, norgehiagoka, berekoikeria, etab. Balore eta jarrera horiek kapitalismoaren oinarriak dira. Horrelako jarrerarik gabe kapitalismoa ezingo zen mantendu.
Europako elizak kanpotik etorri zirenean, bereziki Erdi Aroan, gizonen eta emakumeen balioak eta jarrerak zeintzuk izan behar ziren egituratu zuten, betiere sistema pribatua sustatzeko asmoz. Horrela, gure balio propioak, bai gizonenak bai emakumeenak, ezabatzen joan ziren; ondorioz, gaur egun ditugun balioak eta jarrerak ez dira gureak.
Sistema pribatuaren jarreren mamia honakoa da: gizonak pribilegioak izatea emakumearengan eta emakumea gizonen esanetara derrigortua izatea; hau da, bestearen gaineko boterea izatea edo zapaldua izatea. Zapalkuntzaren helburua elizek eta agintariek dirua eta ekonomiaren jabetza berenganatzea izan zen eta da. 500 urtean eredu patriarkal zapaltzailea inposatu digute, eredu matrilineala desegin ondoren.
Euskal eredua egitura eta antolaketa komunitarioan oinarritzen da, komunitatearen baloreak eta jarrerak elkarlana, laguntza, eskuzabala izatea, denon artean lan egitea eta erabakiak elkarrekin hartzea baitira. Auzolanaren egituran, aberastasuna komunitatearena da.
Nahiz eta gaurko gizartean jendea sistema pribatuaren balore eta jarrerekin kutsatuta egon, herri honen baloreek eta jarrerek ez daukate zerikusirik gaurko balore eta jarrerekin. Herri bat bere eredu kulturala ezabatzen denean desagertzen da.