aizkora Bizkaiko finala
Aitzol Atutxari txapela kentzea oso zaila izango da
Egungo txapeldunarekin batera, Mendieta, Larrea, Txikon, Irazabal eta Zelai neurtuko dira bihar Urdulizen.
Jon LEUNDA
Aitzol Atutxa da Bizkaiko egungo txapelduna, baita bihar Urdulizen, 12.30ean hasita, jokatuko den finala irabazteko faborito nagusia ere. Izan ere, gaur egun, pasa den larunbatean jokatu zen kanporaketan ikusi zen moduan, tarte handi samarra kentzen die gainerakoei.
Atutxarekin batera, Larrea, Mendieta, Zelai, Txikon eta Irazabal lehiatuko dira herrialdeko txapela lortu nahian. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko moztu beharko ditu finalean zehar.
Badirudi Mendieta eta Larrea direla Atutxa apur bat estutu dezaketen aizkolariak, nahiz eta pasa den kanporaketan tarte dezentea kendu zien, batez ere Larreari. Mendieta bi minutu pasara sailkatu zen, eta bost pasara Larrea. Beraz, hori kontuan hartuta, Mendietak izan ditzake bigarren postua lortzeko aukerarik gehien. Berak badaki txapela lortzea zer den, eta ahaleginduko da bere eskarmentuarekin faboritoa estutzen. Kanporaketan lehia handia izan zen hirugarren postutik bosgarrenera, hiru aizkolari sartu baitziren bost segundoren tartean. Larrea izan zen hirugarrena, baina gain-gainean izan zituen Txikon eta Irazabal.
Biharko lana, ordea, handiagoa da, eta tartean, gainera, oinbiko bat gehiago moztu beharko dute. Eskarmentua eta teknika garrantzitsuak izaten dira, eta hor atera diezaieke koska Larreak. Zelaik, berriz, helburua bete du finalean izatearekin, eta lan ona egiten saiatuko da biharko Urdulizko finalean.
Beteranoak eta gazteak
Txapelketako azken ekitaldian, gazteak eta beteranoak uztartuko dira. Mendieta, Larrea eta Zelai herrialdeko final askotan izanak dira, eta hirurak urteetan aurrera badoaz ere, oraindik gazte askoren aurretik dabiltza.
Adinez gazteenak Atutxa eta Irazabal dira, eta, dudarik gabe, Bizkaian biekin sekulako itxaropena dute. Atutxa jadanik goiko mailara heldu da, eta onenen parean dabil 23 urterekin. Aurten, gainera, Euskal Herriko Lehen Mailako finala jokatuko du, eta bosgarren amaitu zuen. Herrialdeko Bakarkako txapelduna izateaz gain, Binakakoa ere bada, eta, Urrezko Aizkoran, 23 urtez azpikoetan txapela jantzi zuen pasa den denboraldian. Maila nagusian, berriz, finala jokatu zuen, bigarren postuan amaituz. Urrezko Aizkorako Binakakoa, berriz, irabazi egin zuen Azurmendirekin.
Irazabal oraindik gazteagoa da, baina ongi dator, eta, lanean jarraitzen baldin badu, zeresana eman dezake. Atutxa eta Irazabal baino helduagoa da Txikon adinez, baina aizkora munduan nahiko berria. Dena dela, badu eskarmenturik, jadanik bi apustu ere jokatu baititu.