Urrezko Aizkora
Bigarren kanporaketa jokatuko da Leitzako pilotalekuan
Binakako Urrezko Aizkoran bigarren kanporaketa jokatuko da Leitzako Amazabal pilotalekuan, eta biharkoan B multzoko neurketa izango da. Olasagasti eta Txapartegi Rekondoren eta Mujikaren aurka neurtuko dira. Bikote bakoitzak sei lan ezberdin egin beharko ditu. Lan guztiak batu ostean, denborarik onena duenak irabaziko du
Bihar Leitzan 12.00etatik aurrera jokatuko den neurketa irabazten duten aizkolariek hurrengo kanporaketan Otañoren eta Otaegiren aurka neurtu beharko dituzte indarrak, eta handik aterako da finalerdietan izango den bikoteetako bat.
Bihar Urrezko Aizkorako kanporaketa ikustera doazenek, ordea, Eguberrietako Aizkolari Gazteen Torneoa ere ikusgai izango dute. Olano, Larrañaga, Saralegi, Jauregi, Irazu eta Rodriguez II.a lehiatuko dira. Iazko txapela Arkaitz Olanok bereganatu zuen, eta biharkoan ere saiatuko da bere herritarren aurrean garaipena errepikatzen, nahiz eta ez duen batere lan erraza izango. Hor diren aizkolari guztiek sasoi oso ona erakutsi dute udan zehar, eta orain ikusi egin beharko da oraindik puntu onean dauden edo ez, horrek garrantzi handia izango baitu amaieran.