Sokatira Laukoa
Sokarrik eta Badaiotzek lehen faseko maila eman nahi dute azken ekitaldian
J.L.
Arrankudiagako pilotalekuan amaituko da aurtengo Lauko Euskadiko Sokatira Txapelketa. 17.00etan hasiko da gaurko saioa, eta bertan gizonezkoen 300 kiloko eta emakumezkoen 260 kiloko finalak jokatuko dira.
Gizonezkoetan honako talde hauek lortu dute txartela: Sokarri A, Sokarri B, Abadiño B, Amaiur A, Amaiur B eta Ibarra. Lehen fasean Sokarriren bi taldeak sekulako itxura eman dute, eta, hori ikusita, txapela lortzeko faborito direla esan daiteke. Hasieran faborito zena, berriz, Abadiño, ez da ongi aritu, eta azkeneko unean bertako talde batek bakarrik lortu zuen, eta doi-doi, finalean izateko aukera.
Hala ere, berdeekin kontuz ibili beharko dute gainerakoek, beti sartu behar baitira faboritoen zerrendan. Amaiurrek ere bi talde sartu ditu azkeneko ekitaldian, eta zerbait egin nahiko du. Ibarrak aurreko pisuan ez zuen finalean izaterik lortu, baina oraingoan bai.
Emakumezkoetan zazpi talde aritu dira lehen fasean, baina finalean seik egon behar zutenez, bat kanpoan geratu da, eta hori Bizindar talde arabarra izan da. Finalean, Berriz, Badaiotz A, Badaiotz B, Sakana A, Sakana B eta Berriozar lehiatuko dira.
Ligaxkan Badaiotz jaun eta jabe izan da, eta badirudi txapela talde horrek eramango duela. Badaiotzeko A eta B taldeak lehenengo eta bigarren izan dira lehen fasean, eta ez litzateke arraroa izango podiumeko lehen bi postuetan biak ikustea. Badirudi Sakana dela aurre egin diezaiekeen bakarrenetakoa; nafarrak gutxienez bigarren postua eskuratzen saiatuko dira.