ELEBERRIA
Zenbat horrelako?
Xabier ETXANIZ ERLE
Turbantearen azpian gordetako sekretua, 10 urteko neskatxa batena da. Adin hori zuela erabaki zuen Nadiak, eraildako bere neba Zelmairen identitatea bereganatu eta familia aurrera ateratzeko ahalegin guztiak egitea. Hamar urte egin zituen modu honetan, engainu eta gezur artean bizirik iraun nahian. Benetako istorio honen protagonistak berak, eta Agnès Rotger idazle eta kazetari katalanak idatzi dute testigantza liburu hau.
Nadia Ghulam Afganistango Kabul hiriburuan jaio zen 1985ean, Sobietar Batasuna eta milizia afganiarren arteko borrokak hasi baino lehentxeago. 8 urterekin bonba batek, bere etxea hondatzearekin batera, hainbat zauri larri eragin zizkion gorputz nahiz aurpegian. Ia bi urte emango ditu ospitalean osatu nahian.
Gainera, herrialdeko gerrate eta borrokek bere familia ere suntsitu egingo dute, neba hiltzeaz gain, aita erotu egingo baita. Horrenbestez, berak izango du familiarentzat janaria lortzeko ardura. Talibanak dagoeneko boterean daudenez, aurrera egiteko jendearen aitzinean neska izateari utziko dio, mutil baten moduan jantzi eta jokatzeko.
Liburuan elkarrekin lotura duten bi plano bereizten dira, biak ere biziki interesgarriak. Alde batetik, protagonistaren bizimodua dago, neska bat dela erakutsi dezakeen ororen kontra borrokan ibiltzeak suposatzen duen akidura azaltzen duena. «Mutila nintzen bitartean, irauten zuen denbora irauten zuela ere, ezin nintzen inoiz lasaitu. Eta hori nekagarria zen, benetan». Dena dela, kontziente da mutil bilakatzeak ematen diola lan egin, jendea ezagutu edota aintzat hartua izateko posibilitatea. Eta behin hori ezagututa ez dio inolaz ere uko egin nahiko, kostatzen dena kostatzen dela ere.
Beste aldetik, Afganistango egoeraren bilakaera topa dezakegu. Hedabideen bidez sarritan, azalean gelditzen diren kontuak soilik iristen zaizkigu. Hemen, aldiz, bertako biztanleen eguneroko tristura eta pozen berri daukagu. Talibanen garaian ere mantendu ziren zinema klandestinoetan nola gozatzen zuten Bolliwoodeko pelikulekin, esaterako. Edota, talibanak erortzean heldutako atzerritarrek hainbatetan sortutako arazoak, batik bat Mendebaldeko salbatzailearen pentsamoldeagatik.
Gainera, Islamaren molde desberdinak bereizten eta esplikatzen ere saiatzen dira autoreak kontakizunean zehar, baina ez modu didaktikoan, bizipenen bidez baizik.
Aipagarria iruditu zait «Osama» filmari buruzko erreferentzia. Badirudi Nadiaren bizitzan oinarritu zirela hura egiteko orduan, eta bera lagunekin joan zela hura ikustera. Hauek, ordea, inoiz ez lukete pentsatu ere egingo beraien ondoan zutenaren bizitzak eta pelikulako protagonistarenak antzekotasunik zutenik. Dena den, ematen du zer pentsatua, honelako zenbat kasu izango ote diren munduan zehar.
Egun Katalunian bizi da Nadia, bertako familia berriarekin. Ikasten dihardu, noizbait Afganistanera itzuli eta herrialdea altxatzen laguntzeko asmo sendoarekin. Bitartean, istorio gogor bezain hunkigarri hau helarazi digu.