Xabier Izaga | Kazetaria
UPDren kidetasunak eta desberdintasunak
Lagun batek esan zidan Saenz de Ynestrillas eskuin muturreko kide ezagunak sekulako arrakasta izan zuela Gorte espainoletarako hauteskundeetan. Aurkeztu al zen galdetu nion nik, eta ezetz, baina alderdi nazionalista batentzat, UPDrentzat, hain zuzen, botoa eskatu zuela erantzun zidan lagunak. Izan ere, Ynestrillasek UPDren ideologia falangismotik hurbil sumatzen zuelako eskatu zuen Rosa Diezen alderdiarentzako botoa. Eta Ynestrillasena ez da horrelako atxikimendu bakarra. Askoz lehenago, 2006an, UPD sortu aurretik, Falange Autentica alderdi politikoak bere zerrendetan parte hartzea eskaini zion Rosa Diezi, neurri handian bat zetorren-eta ideologia falangistarekin. Niri ere hala iruditzen zait, baina kontu horretan ez naiz Falange Autenticakoak bezain aditua.
Hala ere, ez dut esango horregatik UPD -edo Rosa Diez, edo biak, gauza bera baitira- faxista dela. Ez Ynestrillasek eta Falange Autenticak halakotzat jotzen dutelako. Alderdi horren ezaugarri nagusiak, haren «patriotismoa» -alegia jarrera inperialista-, autoritarismoa eta populismoa, faxismoaren osagai dira. Eta faxismoak, hedatzeko behar dituen baldintzak sortze aldera, biktimismoa eta gorrotoa sustatzen ditu. UPDk bezala.
Joan den ostegunean, Diezek PPri esan zion Amaiur eta UPD desberdin tratatu behar dituela, indar biak guztiz desberdinak direla azpimarratuz. Ez zuen horrenbesteko lanik hartu behar. Desberdintasun bat baino ez dut agertuko nik: UPD alderdi nazionalista espainiarra da (ez ezkerreko ez eskuineko), eta Amaiur euskal koalizio independentista eta ezkerrekoa. Bide batez, gogoraraziko dut talde biok hauteskundeetara aurkeztu ziren lurraldeetan lortu zituzten botoak: Amaiurrek gutxienik UPDk halako zazpi atera zituen.
Nolanahi ere, Espainian alderdi nazionalista nagusi bi izanda, UPDk nekez etengo du horien arteko txandakatzea. 36ko uztailaren 18an abiatutako gurutzadak indarra galdu du, baina oraindik inertzia nabarmenak ez ezik, atxikimendu argiak ere indarrean dira; hala eta guztiz ere, UPDk lehia gogorra du laku zikin horretan arrantza egiteko.